Kantauri itsasoak haize indartsuekin eta olatu handiekin bustitzen du gure kostaldea, eta surfa praktikatzeko baldintza ezin hobeak ditu. Hala ere, 1960ko hamarkadara arte itxaron behar izan genuen gure hondartzetan lehen oholak ikusteko. Orduz geroztik, surfaren praktika kostalde osoan hedatu da, eta gaur egun, Bizkaia eta Euskal Herri osoa nazioartean ezaguna da olatuen eta spot-en kalitateagatik eta nazioarteko txapelketengatik. Eta ezin ahaztu noski, nazioartean ezagunak diren hainbat surflari eta surf-industria, ohol-marka eta banaketa-enpresa garrantzitsuak baitaude.
Gure hondartzetan surfean hasi zirenak ez zuten talde edo elkarterik osatzen, askotan ez zuten elkar ezagutzen ere. Bidaiaren batean, aldizkari eta baita dokumentaletan ikusitako irudiek erakarrita hasi ziren.
Panel hauetan surfaren jatorriari buruzko azalpen gehiago dituzu, tartean aitzindariak izan ziren lagunen istorioak ere bai.
70eko hamarkadaren hasieran koka ditzakegu euskal surf industriaren hastapenak, lehendabiziko ohol-tailerren bueltan. 1970ean, Patxi Oliden oriotarra izan zen lehen ohol-marka merkaturatzen, Itxas Tresna izenekoa, nahiz eta ordurako baziren eskala txikian egindako batzuk. Bere helburua Kantauri kostaldeko eskari hasiberriari erantzuna ematea zen arrazoizko prezioetan, ordurarte surf oholak Frantziatik ekartzen baitzituzten luxuzko prezioak ordainduta. Hona hemen taula horietako bat.
Hurrengo ohola Kaliforniakoa da, 1958ko HOBIE bat, eta ordura arte fabrikatzen ziren baltsa-zuraren ordez poliuretano-aparra integratu zuten lehen oholen seriekoa da. Horiekin, berrikuntzaren aroa hasi zen surf-oholen fabrikazioan material berrien erabilerarekin, gaur egun ere oraindik jarraitzen duena.
Hirugarren ohol honek olatu handietan surf egiteko balio du, TWIG SURFBOARDS, 2014an ekoiztu zuten Cape Townen, Hegoafrikan. Big Wave Tourreko munduko hirugarren txapelduna izan zen Grant “Twig” Bakerrek diseinatu zuen, eta Bizkaiko uretan egiten den Punta Galea Challenge 2014/15 nazioarteko txapelketa irabazi zuen ohol honekin. Ordura arte Europan erabiltzen zirenak baino askoz ere ohol astunagoa, luzeagoa eta bolumen handiagokoa da.
Gaur egungo surflarientzako beste elementu garrantzitsu bat gorputzaren beroa mantentzen duten neoprenozko jantziak dira. Hemen ikusgai dauden biak Jack O'Neillek sortutako O'Neill markakoak dira. Surfaren mitoa, berari egozten zaio surfean aritzeko neoprenozko jantzia asmatu izana.
Mahuka luzeko eta kremailerarik gabeko jakatxo hau José Luis Elejosterena da, euskal surfaren aitzindarietako bat, eta gure kostaldean erabilitako neoprenorik zaharrena da. Ondoan duen jantzia berriz, 1991ko O'Neill Animal bat da, eta jauzi garrantzitsua izan zen neoprenozko jantzien industrian, bere material, patroi, panel eta josturen kalitateagatik.
Atal honetako piezarik garrantzitsuenetarikoa The Surf Riders of Hawaii da, surfari buruzko historiako lehen liburua. Ale hau, zehazki, 1911. eta 1914. urteen bitartean Hawaiin Espainiako kontsula izan zen Ignacio Arana arabarrarena izan zen. Euskadira itzultzean, berarekin ekarri zuen, bi surf-oholekin batera. Zoritxarrez, oholak Arabako neguko hotzari aurre egiteko sakrifikatuak izan ziren gerra zibilean.

