Bilboren irudia 1700 inguruan: eraikuntza eta hedapena
Oleaga Pont bilduma

Erakusketak Bilboren irudia aztertzen du, XVI. eta XVIII. mendeen artean Europan argitaratutako mapa, atlas eta bidaia-liburuen bidez.

Ramón Oleaga bildumagile, ikertzaile eta kartografian adituak komisariatutako erakusketak Hiribilduaren irudiak Europan izan zuen bilakaera eta hedapena ezagutzeko aukera eskaintzen du. Itsasmuseumen egongo da ikusgai 2027ko martxora arte, hiriaren jatorriari eskainitako erakusketa-eremuan.

Ibilbidea Bilboko lehen irudikapen inprimatuekin hasten da, eta haren irudia denboran zehar nola sortu, erreproduzitu eta eraldatu zen aztertzen du, Europako mapa, atlas, bidaia-liburu eta geografia-bildumetan irudi ezagun bihurtu arte. Argitalpen horietan, beste hiri garrantzitsu batzuekin batera, Bilbo behin eta berriz agertzeak agerian uzten du Hiribilduak merkataritza- eta portu-gune gisa gero eta garrantzi handiagoa hartu zuela, Atlantikoko eta Europako merkataritza-sareekin lotuta.

Lehen irudikapenetatik portu-hiri baten irudira

Erakusketak irudikapen horien bilakaera ezagutzeko aukera ematen du: XVI. mendeko lehen irudi imajinarioetatik hasi eta 1575eko Civitates Orbis Terrarum lanean jasotako ikuspegiraino. Azken hori Bilboren irudikapen kanoniko bihurtu zen bi mende baino gehiagoz. Hortik aurrera, irudi hori XVIII. mendearen erdialdera arte nola zabaldu eta berrinterpretatu zen erakusten du erakusketak.

Erakusgai dauden lanen artean, Hondius, Zeiller, Sandrart, Funk, Coronelli, Van der Aa eta Nairne egile eta kartografoen irudikapenak daude. Aukeraketa Johann Golling merkatariaren erretratuarekin osatzen da. Gollingen ibilbideak, Nurenberg, Amsterdam eta Bilbo artean, Hiribildua Europako merkataritza-sareetan txertatuta zegoela erakusten du.

XVIII. mendeko Bilbori begirada

Ibilbidea Edward Nairneren 1756ko ikuspegi optikoarekin amaitzen da. Bertan, itsasadarrak eta portuko jarduerak protagonismo berezia hartzen dute. Irudi horrek merkataritzari, dinamismoari eta kosmopolitismoari lotutako Bilbo erakusten du, eta hiri historikoa egungoarekin lotzeko aukera ematen du.

Erakusketak Oleaga-Pont bildumako hamalau pieza biltzen ditu, eta irudikapen historiko horiek Vista de Bilbao margolanarekin, La barra de Portugalete lanarekin (1740 ingurukoa) eta Bilboko Kontsulatu historikoari lotutako hainbat elementurekin uztartzen ditu.

Horrela, Itsasmuseumek Bilboren historia bisuala eskaintzen du, itsas jarduerarekin, portuarekin eta merkataritzarekin lotuta, eta Hiribilduaren irudia eta nazioarteko proiekzioa eraikitzeko prozesua aztertzen ditu.

Ramón Oleagaren hitzaldia

Erakusketaren osagarri gisa, azaroaren 17an, 19:00etan, Ramón Oleagak Bilboren irudiaren eraikuntza 1700 inguruan hitzaldia eskainiko du Itsasmuseumeko auditoriumean.

Bilboren irudikapen historikoen jatorrian, bilakaeran eta hedapenean sakontzeko aukera izango da, baita irudi horiek Hiribilduaren nortasuna bere mugetatik harago proiektatzen nola lagundu zuten ezagutzeko ere.

Sarrerak


Taldean, familian, modu indibidualean... Lortu zure sarrera esperientzia zoragarri batean urperatzeko!