Mujeres que tejieron la historia

Artea, memoria eta aintzatespena
Historia ehundu zuten emakumeak erakusketak XIX. eta XX. mendeetan emakumeak lan-esparruan Bilbon eta Bizkaian izan duen papera berreskuratu eta ikusarazten du, bi begirada eta disziplina artistikoen bitartez, pintura eta argazkigintza.
Erakusketak garai hartako lan gogorren eta sarritan gutxietsien irudikapen artistikoa jasotzen du. Bertan figurazioa eta abstrakzioa uztartzen dira: bata lanbideen azalpen bisuala, bestea emakumeen alderdi intimo eta sakona adierazteko.
Erakusgai dauden 31 artelanetan, Esperanza Yuntaren 13 artelan bikoitz eta Tere Ormazabalen 19, pintura eta argazkigintza elkarren osagarri diren bi diziplina bezala aurkezten dira, publikoari emakume langileei buruzko ikuspegi plurala eskainiz eta obren arteko elkarrizketa artistiko eta bisuala sortuz. Horrela baserritarrak, sardina-saltzaileak, sirgariak, zamaketariak, ikazkinak, jostunak, zigarrogileak, industrietako langileak, prostitutak, garbitzaileak eta lisatzaileak, besteak beste agertzen dira ikuspegi artistiko eta pertsonaletik islatuta. Obretan Bilboko itsasadarrarekin eta honen bizitza ekonomiko eta sozialarekin lotuta dauden lanbideak jasotzen dira, baina ikuspuntua zabalagoa da eta bestelakoak ere hartzen dira eta baita emakume batzuen errefuxiatu-izaera eta bizirik irauteko duten borroka ere.


Erakusketa proiektu bakarra da, bi arima artistikoekin. Tere Ormazabal argazkigintza garaikideaz baliatzen da emakumeen ogibideak islatzeko; Esperanza Yuntak, berriz, teknika mistoak erabiltzen ditu —pintura, collage eta itsasadarrean aurkitutako burdina edo egurra bezalako elementuak— emakumeen memoria irudikatzeko.
Erakusketan Bilboko, Bermeoko, Muskizko, Lekeitioko, Galdakaoko eta Plentziako Udal Artxiboetako, Euskal Museoko eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko irudi historikoak biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere dago ikusgai, parte hartu duten artisten lanekin batera. Dokumentu grafiko hauen aukeraketa zaindua egin da eta erakusketako piezekin batera bisualki integratu dira, testuinguru historikoa eta narratiba emozionala eskaintzeko, erakusketaren diskurtsoa aberasteko helburuarekin.
Esperanza Yunta
Esperanza Yunta diziplina anitzeko artista da eta bere lana aldez aurretik egiten dituen ikerketak, zirriborro artistikoak eta artista liburuak ditu abiapuntu. Sormen-prozesu horretan hainbat teknika eta material erabiltzen ditu, adierazpen-karga eta karga poetiko handia duten piezak sortuz.
Bere lanetan margolaritza, teknika mistoak eta collage-a nabarmentzen dira, material ezberdinak txertatuz: egurra, burdina, japoniar paper nobleak edo birziklatuak. Halaber, grabatu kalkografikoa, mokulitoa, xilografia eta muntaketa ere erabiltzen ditu.
EHUko Arte Ederretan lizentziatua da, margolaritza eta grabatuan espezializatua. Erasmus bekaduna izan zen, eta bere ibilbide artistikoan sari ugari jaso ditu, bai erakusketa kolektiboetan, bai bakarkakoetan. Ingeteam enpresarentzat hainbat lan egin ditu eta gaur egun Nafarroako, Bilboko, eta itsasadarreko kondairei buruzko ikerketa-proiektu batean murgilduta dago.


Tere Ormazabal
EHUn Geografia eta Historian lizentziaduna, Tere Ormazabal (Igorre, 1967) autodidakta izan zen argazkigintzan hasi zenean, eta bere ibilbide profesionalean zehar hainbat ikastarorekin osatu zuen bere prestakuntza.
Erakusketa ugari egin ditu, banaka zein taldeka, eta aldizkarien argitalpenetan eta argazki-proiektuetan kolaboratu du hainbat egile eta erakunderentzat. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) lan egiten du fotokazetaritza lanetan, bere ekoizpen artistikoarekin batera.
Bere lanaren gaiak bi ildotan banatzen dira nagusiki: natura hilak, lasaitasuna eta oreka transmititzeko; eta erretratua, ikuspegi surrealista batetik arakatuta.
Sarrerak
Taldean, familian, modu indibidualean... Lortu zure sarrera esperientzia zoragarri batean urperatzeko!

