Julián de Tellaeche margolariaren “Txo zuria” Itsasmuseum Bilbao-n ikusgai izango da 2020ko apirila arte

 

Hau Bilboko Arte Ederren Museoak Itsasmuseum Bilbao-ri lagatzen dion bigarren artelana da, Quintin de Torre eskultorearen “Lemazaina” lehena izan zen

 

Gaur, Javier Novok, Bilboko Arte Ederren Museoaren Bilduma burua eta Jon Ruigómez-ek, Itsasmuseum Bilbao-ko zuzendaria, Obra Gonbidatua programarekin jarraituz, Bilboko Arte Ederren Museoak Julián de Tellaeche, (Bergara, Gipuzkoa, 1884 – Lima, Peru, 1957), artistaren “Txo zuria” margoa aldi baterako Itsasmuseum-ari laga diola aurkeztu dute. Artelana Itsasmuseum Bilbao-n egongo da ikusgai, apirilaren amaiera arte.

Programa honek lakidetzarako esparru egonkor eta aldizkakoa zabaldu du, eta bi erakundeen arteko harreman onaren erakusgarri da. Programa honek xede du sei hilerik behin Itsasmuseum Bilbao-n ikusgai jartzea Bilboko Arte Ederren Museoaren funts zabaletatik hautatutako obra adierazgarri bat.

Hitzarmen honi esker, Itsas Museoaren erakusketa-proposamena askoz dinamikoagoa da, eta gonbit egiten du tradiziozko erakunde honek gordetzen dituen balio artistiko eta historiko nabarmeneko obrak begiestera, ohikoa ez den beste toki batean, gai-testuinguru desberdin batean, aldi berean elkarrizketa berritzaile eta koherentea sortuz, aldi baterako lagatako obren eta erakusketa osatzen duten gainerako piezen artean.
Orain dela 15 urte Itsas Museoa ireki zenetik elkarrekin gauzatu diren proiektuen artean, “Itsasoa artean, itsasoko artea” (2011) erakusketa nabarmendu daiteke; Arte Ederren Museoak lagatako 90 obrako hautaketa bat izan zen, eta oso harrera ona izan zuen hala publikoaren nola kritikarien aldetik.

 

Lankidetza horietatik harago, bi museoen arteko harremanak sustrai askoz sakonagoak ditu. Izan ere, Itsas Museoaren diskurtsoak indar berezia jartzen du XIX. mendearen amaieran Bizkaian izandako zabaltze ekonomiko, politiko eta sozialean. Horren ondorioz, itsas industriari oso lotuta zegoen burgesia indartsua sortu zen, eta, aldi berean, aurrekaririk gabeko kulturarekiko interes handia piztu zen horien artean.

 

Garai hartako itsas negozioko pertsona eragingarrienetatik, Bilboko Arte Ederren Museoaren dohaintza-emaile eta bultzatzaile nagusiak sortu ziren; erabateko erreferentea izan zen bai Bilborentzat bai Bizkaiarentzat, eta nazioartean modu egonkorrean ikusgai egotea eragin zuen.

“Txo zuria” izeneko koadroak Tellaecheren lanaren ezaugarri guztiak jasotzen ditu. Madrilen egin zituen ikasketak, mende amaierako Espainiako eskolan nagusi zen akademizismoaren eraginpean, baina laster alboratu zuen joera hura Tellaechek. 1902an, hain zuzen, Parisera jo zuen, han bizi zen modernitateak erakarrita. Parisen, estetika postinpresionisten eragina jaso zuen, eta haiekin trebeki uztartu zituen, besteak beste, Cézanne eta Gauguinen plastikek euskal eta katalan pintore zeinbatengan utzitako arrastoa, hala nola Nonell, Sunyer eta Artetarengan utzitakoa. Itsasoa zuela gai bakarra, Tellaechek –marinela izana bera ere– hiru gai nagusi hauetan bildu zuen bere natura: itsastarrak, kostaldeko emakumeak eta portuetako argi distirak. Adierazpen horiek behin eta berriz berrinterpretatu zituen bere bizitzan zehar, konposizio sendoa, silueta zehatza eta paleta murritza erabiliz. Bestalde, haren ekoizpenaren barruan, bereziki nabarmentzen da gorputz erdiko irudien presentzia monumentala aurrealdeetan; irudi lasai eta bareak dira, enkoadraketaren berehalakotasunak eta pintzelkada bizi eta lehorrak dinamizatuak. Adierazgarritasun neurritsua erakusten dute, eta ezaugarri hori areagotzen du euskarria kartoia izateak; hain zuzen ere, Tellaechek etengabe erabili zuen euskarri hori bere obretan, eta azken emaitzan agerian gelditu zedin uzten zuen.

 

Informazio gehiago jasotzeko kontaktua:
Leire Aurrekoetxea
leire.a@itsasmuseum.eus
94 401 55 07