Erakusketa honetan bildu dira Juan Sebastian Elkanori eta espezia bila egindako bidaiei buruzko dokumentu garrantzitsu ugari.

Bilbo, 2019ko ekainaren 26a, asteazkena. Gaur goizean, Lorea Bilbaok –Itsasmuseum Bilbaoko presidente eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura diputatuak– eta Jon Ruigomezek – Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak– erakusketa berri bat aurkeztu dute: J. S. Elkanoren aztarnaren bila. Aldi baterako erakusketa da, eta elkarlanean ekoitzi dute Itsasmuseum Bilbaok eta Donostiako Aquariumak.
J. S. Elkanoren aztarnaren bila erakusketak Juan Sebastian Elkanoren bizitzan sakondu nahi du (1487/88-1526): bisitariek aukera izango dute Elkanoren bizitzaren aztarnari segitzeko, eta jakiteko nolakoa zen Elkanoren bizitza zirkumnabigazioaren aurretik, bitartean eta ostean. Zirkumnabigazioa orain dela 500 urte abiatu zen, espezia-irletara joateko bide berri bat topatu nahian.
Erakusketa hau anbizio handiko proiektua da: Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Seguros Bilbao enpresak babestu dute, eta beste hainbat kolaboratzaile izan dituzte, hala nola IKEA Barakaldo, Baskegur, Siloe, Antiquus, Horizonte Elkano eta Taberna Libraría. Gainera, bisitariak eskura izango ditu bai infografia interesgarri askoak –El Correo egunkariko infografistek egin dituzte, Gonzalo de las Heras buru dutela– bai audio gidak, bisitan barrena gidatzeko –lau hizkuntzatan daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez–.

Zer ote dakigu Juan Sebastian Elkanori buruz?

Erakusketa honetan, zeina Julián Díazek komisariatu baitu, bisitariak eskura izango ditu Elkanoren bizitzari buruzko informazioa gordetzen duten iturri originalak, eta, hala, bisitariak berak aterako ditu bere ondorioak. Gainera, erakusketa honetan bildu diren erakusketa-gailuen bitartez, galdera honi erantzun nahi zaio: zer ote dakigu Juan Sebastian Elkanori buruz?
Erakusketa honetan, Elkanoren bidea ezagutuko dugu: hastapenetan, maisu moduan aritu zen; ondoren, Fernando de Magallanesek zuzenduriko espedizioan parte hartu zuen, eta, zirkumnabigazioaren ostean, Extremadura eta Portugal aldean ibili zen, Karlos V.a enperadorearen agindutara; azkenik, beste bidaia bat egin zuen iltzearen uharteetara. Bidaia hori Bermeotik abiatu zen, eta Ozeano Barean barrena zebiltzala, Elkano hil egin zen. Andrés Urdaneta gazteak hartu zuen nabigatzaile ospetsuaren lekukoa, lehenago haren agindutara aritua baitzen.
Erakusketa honetan dokumentazio ugari eta osoa erakusten da: besteak beste, badira hainbat hizkuntzatan idatziriko agiriak –gaztelaniaz, portugesez, italieraz, latinez eta malaysieraz–, eta horietako asko ez dira inoiz erakutsi jendaurrean. Agiri horiek transkribatu eta itzuli egin dira gaztelaniara, euskarara eta ingelesera; hala, bisitariak aukera ezin hobea dauka historiari begiratzeko.
Hautaturiko irudi eta objektuei esker, jauzi bat egin eta duela bost mendetako girora bidaiatu dezakegu: munduan barrena zebiltzala nabigatzaileek ezagutu zuten jendea ikusiko dugu, hala nola Brasilgo indigenak eta Patagoniako erraldoiak. Era berean, nabigatzaileen eguneroko bizitzari buruzko pintzeladak ere eskaintzen dira erakusketa honetan: besteak beste, elikadura, nabigatzeko tresnak, sexualitateari eta euskararen erabilerari buruzko arauak ezagutuko ditugu. Horri guztiari esker, iraganaren eta gaur egungo bizitzaren artean loturak ezartzeko aukera izango dugu.
Erakusketa hau antolatzeko, funtsezkoa izan da hainbat artxibategi, instituzio eta museoren laguntza. Besteak beste, erakunde hauek lagundu dute erakusketa: Archivo General de Indias (Sevilla), Euskadiko Artxibo Historikoa –Laurgainen deskubrituriko agiri garrantzitsuen erreprodukzioak eman ditu erakunde horrek–, Arquivo Nacional da Torre do Tombo (Lisboa), Bibliothèque Nationale de France, Biblioteca Nacional de España, Euskal Museoa, Museo Nazionale della Montagna de Torino eta Arabako Armagintza Museoa.

Euskadi eta Bizkaia

Euskadik eta, bereziki, Bizkaiak ekarpen handia egin zioten Elkanoren bidaiei. Adibidez, Bizkaikoak ziren espezia-uharteetara egindako bi espedizioetako 12 itsasontzietatik 7, eta, era berean, Bizkaiak hainbat lanabes eman zituen, batez ere burdinazko tresnak.
Victoria itsasontzian Sanlucarrera iritsi ziren 18 marinelen artean, 4 ziren euskaldunak: Juan Sebastian Elkano bera –Getarian jaioa–, eta Bizkaiko beste hiru gizon: Juan Arratia –Bilbokoa–, Juan Zubileta –Barakaldokoa– eta Juan Akurio –Bermeokoa–.

Balioak

Proiektu honek agerian uzten du gaur egungo gizartearen eta orain dela 5 mende bizi ziren pertsonen artean badirela balio komun edo unibertsal batzuk, hala nola ausardia, eskuzabaltasuna, lankidetza eta adimena.

Komisarioa

Julián Díaz Alonso arduratu da erakusketaren gidoia osatzeaz eta komisario-lanak egiteaz. Díaz Alonsok eskarmentu handia du alor honetan, hainbat erakusketa ekoitzi eta muntatu ditu hainbat museo eta interpretazio-zentrorentzat, eta, azkenaldian, espezia-irletara egindako nabigazioei buruzko dokumentazioa aztertzen ibili da. Halakoak zabaltzeko asmoz, saga bat sortu du, “Sangre y especias”, eta, oraingoz, bi
eleberri argiratu ditu horren barruan. Azkenik, Elkano Fundazioak hala eskatuta, Juan Sebastian Elkanori buruzko audio-liburu biografiko bat amaitzen ari da.

Itsasmuseum Bilbao

Bilboko Itsasadarraren Itsas Museoak Itsasmuseum Bilbao izena hartuko du, zabaldu zenetik 15 urte igaro ondoren. Abian jarritako etapa berri honetan, igarotako urte hauetako alde on guztiei eutsiko zaie, eta neurriak hartuko dira jauzi kualitatiboa egin ahal izateko, Bizkaiko Golkoan itsas erreferente gisa sendotu ahal izateko.
Itsasmuseum Bilbao leku dinamikoa eta hurbila da, gizartearen parte-hartzera zabalik; toki pribilegiatua, Bilboko eta Bizkaiko itsas kulturaren eta ondarearen berri izateko.