• Tomas Allende Alonsoren etxeko atarirako enkargatutako obra da.
  • Zeramikaz egindako horma-irudia industriarekin, meatzaritzarekin eta itsasoarekin zerikusia duten 4 eszenaz osatuta dago.

Bilbo, 2021eko martxoaren 1.ean.

Goiz honetan, Lorea Bilbao Itsasmuseum-aren presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak, Jon Ruigómez Itsasmuseum-aren zuzendariak eta Maite Paliza Artearen Historiako katedraduna eta ikertzaileak Daniel Zuloagaren (Madril, 1852 – Segovia, 1921) zeramikazko murala aurkeztu dute, artista hil zenetik 100 urte bete diren urtean.

Gaur aurkezten den Daniel Zuloagaren murala, Itsasmuseumen bildumaren parte izatera pasatzen dena, erakusketa iraunkorraren bigarren solairuan egongo da ikusgai, meatzaritzaren eta industriaren eremuan, ontzigintzari buruz eta ontziolei buruz diharduten sekzioen ondoan. Daniel Zuloagaren lan garrantzitsu honen integrazioak, balio artistiko eta historiko handiko pieza bat ekartzeaz gain, museoaren diskurtsoan sakontzeko aukera ere ematen du.

1900. urtekoa den obra hau, bere ibilbide artistikoaren etaparik garrantzitsuenean egin zen, eta gure erakusketa iraunkorrean ikusi ahal izango da, Daniel de Zuloagaren lanean aditua den Maite Paliza kontserbatzailearen ikerketa-lan sakonari esker eta Goizane Bengoetxea eta Jon Corell egungo jabeen dohaintza eskuzabalari esker, gaurko aurkezpenean presente egon direnak.

Desmuntatze-lana, Lezamatik Bilborainoko lekualdaketa eta, ondoren, Andrew Gangoiti artista plastikoak “ad hoc” egindako zurezko bastidore baten gaineko instalatzea kontu handiz kudeatu du Equipo 7-k, zaharberritzean eta erakusketen muntaketan espezializatutako enpresak, bereziki delikatua den pieza baten babesa bermatzeko. Prozesu horrek Bizkaiko Foru
Aldundiaren laguntza ekonomikoa izan du.

Egilearen eta obraren testuingurua

XIX. mendearen amaieran, Bizkaian, eklosio ekonomiko, politiko eta sozial handia gertatu zen, ondorioz klase burges bat sortu zen, meatzaritzarekin, industriarekin, siderurgiarekin eta ontzigintzarekin oso lotuta, aurrekaririk gabeko kezka kulturalarekin eta gure museoaren diskurtsoarekin estuki lotuta. Allende familia, klase beri honen parte zen, Manuel Allende buru zuela.

“Tomas Allendek Bilbon zuen egoitza zaharreko atondorako horma-irudi apaingarria” Daniel Zuloaga zeramikariaren lanik garrantzitsuenetako bat da, Euskadiko eraikin adierazgarri batzuen apainketaren egilea, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako kasino zaharra, edota Madrilgo Velázquez Jauregia eta Kristal Jauregia.

Ignacio Zuloaga margolariaren osaba zen, berarekin harreman estua zuen eta kulturarekiko eta artearekiko pasioa partekatzen zuten. Biak garai hartako intelektualen taldekoak ziren eta lagunak eta interesak partekatzen zituzten.

Artistak Tomás Allenderen atarirako egindako jatorrizko lanak 54 metro, 25 lauki eta 8 eszena zituen, baina 20 metro eta 4 eszena baino ez dira kontserbatu, 1960an Daniel Errazuk, murala zegoen garai horretako etxebizitzaren jabeari esker, etxea eraitsi baino lehen, murala desmuntatzea, babestea eta Lezaman, Rufino Basañez (1929-1991) arkitektuaren zuzendaritzapean eraikitzen ari zen etxebizitza berrian jartzea erabaki zuenean. Muralak, landare-motiboetako zenefekin eta itsaslamiak, zurtoinak eta loreetako pilastrekin markoztatuta, dagozkien zokalo eta pilastrekin kontserbatu dira.
Obran erabilitako teknika, Maite Paliza historialariaren arabera, ertz-zeramika eta estalki estanniferoaren gaineko pintura izan ziren. Gaiari dagokionez, konposizioak, industriari eta meatzaritzari lotutako paisaiak irudikatzen ditu modu errealistan, Tomas Allende enpresa-jardueraren eremu nagusiak.

Hormako lau eszenek honako irudiak jasotzen dituzte: emakume bat aire zabaleko meatze-ustiategi baten aurrean, zeinetan modeloa Ladislas Konarzewski (1823-1895) poloniarraren argazki batetik kopiatua izan den; Rive de Cier La Rochelle mineralaren garraiatzailea hainbat bagonetarekin, ondoren Iparraguirre izendatu zena eta urpeko alemaniar batek hondoratua 1917an, eta fondoan, aire zabaleko meategi bat, Oscar Hauser eta Adolf Menet argazkilari suitzarren posta-txartel batetik kopiatuta; portu txiki bat mineral kargalekuarekin, zenbait itsasontzi eta langile merkantzia-saskiak eramaten; eta, azkenik, Bizkaiko Labe Garaien bista bat itsasadarretik, Tomas Allende muralaren sustatzailea haren administrazio-kontseilukoa izan zen.

Allende familia

Jatorrizko horma-irudia Severino Achucarrok (1841-1910) eskatu zuen, Allende familiaren konfiantzazko arkitekto famatua, 1876an Bilboko zabalgunearen proiektuaren diseinua egiteagatik Ernesto Hoffmeyer Zubeldia eta Pablo Alzola Minondo ingeniariekin lankidetzan. Enkargua, garaiko ondasun handienetarikoa zuen Tomás Allenderen (Burón, León 1848 – ¿Madrid?, León 1935) enpresari eta politikariaren etxebizitzako atarian kokatzeko izan zen, eta Burdeoseko Dragant tailerrera egin zen eskaria, bere kalitate eta izen onagatik. Sinadura panel batean ikusi daiteke.

Etxebizitza, gaur egungo Manuel Allende kalean kokatua, Manuel Allende Villaresek (1820-1900) 1898 eta 1999 artean Indautxu auzoan eraikitako lehen lau etxebizitzetako bat izan zen. Tomas gazte iritsi zen Bilbora bere jaioterritik Leonetik eta bere osaba Manuelekin batera, jarduera ekonomiko ugarietan jardun zuen, garrantzitseuenak burdina Bizkaian eta ikatza Leonen.

Informazio gehiagorako kontaktua:
komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)