• Museoak bere 18. urteurrena ospatuko du, 2021eko azaroaren 15a eta 21a bitartean, artea, literatura, jolasa eta musika uztartuz.

  • Aurrera egingo dugu etorkizunari begira, baina iraganean egindako guztiaren esperientziarekin.

2021eko azaroaren 15a. Gaur goizean, Itsasmuseumeko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua, Lorea Bilbaok, eta Itsasmuseumeko zuzendaria, Jon Ruigomezek, 2003ko azaroaren 20an gure museoak Bilboko eta Bizkaiko itsas kultura zabaltzeko eta babesteko asmoz ateak ireki zituenetik igaro diren 18 urteen balantzea egin dute

Museoaren historiaren abiapuntua eta Bizkaian oso errotuta dauden pertsona, enpresa eta erakunde talde bat da, itsasoa maite dutenak. Pertsona horiek proiektu honen aldeko apustua egitea erabaki zuten, eta, une honetan, eskerrak eman behar dizkiegu izandako ekimenari. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa Fundazioa 1996an sortu zen, museoa 2003an hasi zen martxan, eta, garai horretako une garrantzitsuenen artean, 2017. urtea nabarmentzen da, une horretan hobekuntza ugari proposatzen dituen Plan Estrategikoa aurkeztu baitzen, itsas posizionamendua finkatuz eta nortasun korporatiboaren eta izenaren aldaketa ezartzen duena. Horrela, 2019an, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak aro berri bati ekin zionItsasmuseum Bilbao izenarekin.

Museoak etengabe garatzen joan da bere ateak ireki zituenetik, teknologia berrietara eta bisitarien eskarira egokitu da, era berean hazi egin da, Bilboko eta Bizkaiko museo-mapan leku bat egiteko, bereizteko eta bere espazioa aurkitzeko, bai adin eta jatorri desberdinetako tokiko pertsonentzat, bai Bilboko historia eta idiosinkrasia ulertu nahi duten bisitarientzat: Jatorriz itsas hiria den aldetik, Bizkaia, itsasoari estuki lotua egon da, itsasoa mundurako sarrera eta irteera izan da eta horrek berezko izaera bat eman dio.

18 urte hauetan zehar, museoak aldaketa eta hobekuntza handiak burutu ditu, Bizkaiko eta Euskadiko itsas eremuan errefente izateko . Aldi baterako 119 erakusketa egin ditu, eta horien artean honako hauek nabarmendu behar dira: “Itsasadarra, izateko arrazoi bat”, “Izotzean harrapatuak”, “Itsasoa artean, artea itsasoan”, “Montserrat. Askatasuna bila” eta “J. S. Elkano Aztarnaren bila”, besteak beste.

Azken urteotan proiektu estrategikoak jarri dira abian, hala nola Erain, XX. mendeko Bizkaiko erriberako aroztegia, Carolaren Arima instalazio artistikoa, argiaren eta soinuaren bidez Carola garabia ikusarazi eta gure ondare industriala balioetsi nahi duena, Obra Gonbidatua programa Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera, Rabba Rabba Girl, emakumea protagonista duen zuzeneko musika zikloa, edo Port Center, Bilboko Portuaren interpretazio zentroa, besteak beste.

Belaontzi Handien Programaren bidez, asko izan dira museoa bisitatu duten itsasontzi klasikoak herritarren gozamenerako: 2003an, museoaren irekiera zela eta, Master and Commander filmaren Endeavour bisitatu gintuen, baina horren ondoren beste asko iritsi dira: Cuauhtémoc ontzia, Mexikoko eskola-ontzia itsasdarrean, Celaya Ontziolan (Erandion) eraikia, Sea Shepard edo Greenpeaceko ontziak, Aita Guria eta beste asko.

Urte hauetan zehar 50.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute museoa urtero modu egonkorrean eta 10.000 haur inguruk parte hartu dute eskola-programan, gure itsas kultura modu didaktiko eta errazean ezagutzera bideratuta.

Etorkizunari begira, etengabeko hobekuntza-prozesuaren barne, une honetan Bilboko Kontsulatuaren Entzunaldien Aretoa egokitzen ari da beheko solairuan, hainbat hamarkadatan Euskal Museoan ikusgai egon dena. Erakusketa iraunkorran hobekuntza nabarmena da, bai ondare-balioa eta balio historikoai dagokionez, bai Itsasmuseumeko erakusketa-diskurtsoarekin koherentea delako. Erakusketaren atal berri hau, faluaren ondoan ikusgai egongo da, 1511ko ekainaren 22an sortutako erakunde aitzindari honen garrantzia testuinguruan kokatzeko.

Itsasmuseumek erabakitasunez begiratu nahi dio etorkizunari, talde konprometitu batekin, genero-berdintasuna, iraunkortasuna, irisgarritasun soziala eta komunitatea bezalako balioak bere jardueraren erdigunean dituen proiektua. Museoko espazioa eztabaidarako, ezagutzarako eta gizarte-berrikuntzarako gune irekia da, herritarrentzako plaza irekia, topalekua.

Publiko guztientzako diziplina anitzeko kultur programa

Urteurrena ospatzeko, azaroaren 15tik 21era bitarteko astean, Itsasmuseumek kultur jardueren egitarau zabala eskainiko du, hitzaldiak, literatura, jolasa eta musika uztartzen dituen programa berezia.
Prentsa-ohar honekin batera programa osoa eransten dugu, eta hemen laburbiltzen da:

Azaroaren 16an, asteartean, Juan Ángel Vela del Campo, Ibarrola itsasadarrean. Ura, burdina, sua eta airea erakusketaren katalogoko testuen egileak, Agustin Ibarrolaren ibilbide artistikoari buruzko hitzaldia emango du: Ibarrola: itsasadarretik itsasora. Arte solidarioa eta industria-paisaiak. Erakusketa urtarrilaren 9ra arte bisitatu daiteke.

Azaroaren 17an, asteazkenean, Isabel Martín idazleak, Carol Iglesias Espazioa aretoan entzun eta irakur daitekeen Normala dena poesiaren egileak, poesia eta emakumea izeneko jardunaldiaren barruan, bere literatur lan berria aurkezten du: Una cosa es una cosa y otra cosa es otra cosa.

Azaroaren 18an, ostegunean, Maite Paliza Monduate Arte Historiako katedradun eta ikertzailearen txanda izango da. Daniel Zuloagaren irudia eta 2021eko martxoan dohaintza pribatu baten bidez Itsasmuseumera iritsi zen artistaren murala ezagutzeko aukera emango du Daniel Zuloaga eta Bilbao. Tomas Allenderen etxeko horma-irudia hitzaldian.

Eta azaroaren 19an, ostiralean, Itsasmuseumek Bilbao 1803 aurkeztuko du, adimena, talde-lana eta koordinazio handia eskatzen dituen proiektu ludikoa. Tokiko gertaera historiko batean oinarritutako Escape Room-a da, publiko gazteari zuzendutako proposamena, 16 urtetik gorako pertsonei, non bi eta sei ausart artean parte har dezaketen. Esperientzia murgitzaile horrek zentzumen guztiak jarriko ditu frogan, sormena, trebetasuna eta talde-koordinazio handia eskatuko ditu. Istorioa 1803ko abuztuaren 15ean hasten da, Portugaleteko emakume ausart batzuek itsasontzi bateko kapitain bati kontrabandoa leporatzen diotenean, misterioa argitu eta harrapatzeko abentura zirraragarriari hasiera emanez. Gaur aurkeztuko den Escape Roomek jarduera iraunkor gisa jarraituko du asteburu, ostiral, larunbat eta igande guztietan, 17: 00etan, eta sarrerak gure leihatilan edo museoaren webgunean egongo dira eskuragarri.

Azaroaren 20an, larunbatean, urteurrenarekin bat eginez, bai museoan eta bai Atyla eskola-ontzian ate irekiak izango ditugu, nahi duten pertsona guztiek doan bisita ditzaten.

Igandean, azaroaren 21ean, 13:00etan, amaiera borobil gisa, musika proposamen ausarta eta berritzailea eskainiko dugu, Afrika Bibang-en kontzertua. Publiko gazteari zuzendua, ahalduntzera eta bere buruarengan sinestera gonbidatzen gaitu, musika, emakumea eta euskara uztartuz.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu kultural hau honaino ekartzen lagundu duten eta kulturaren eta itsas ondarearen alde lan egin duten pertsona, elkarte, erakunde, enpresa, museoaren patronatu eta komunikabideei. Bihotzez, eskerrik asko!