• Artelanek Bilboko itsas eta industria ingurunea islatzen dute
  • Erakusketa publikoari irekita egongo da ekainaren 29ra arte

Bilbon, 2021eko apirilaren 29an. Gaur goizean Jon Ruigomez, Itsasmuseumeko zuzendariak, eta Pablo Ugartetxea margolari bilbotarrak, Itsasadar Aparta aldi baterako erakusketa aurkeztu dute gurean. Bertan artistak Bilboko itsas eta industria ingurunearen errealitatea, Itsasmuseumekin oso lotuta dagoen hiri-paisaia garaikidea, islatu egiten du fantasiaren, umorearen eta kolorearen bidez.

Gaur ireki berri den erakusketaren protagonista Itsasadarra da, azken urteotan hiriaren zentraltasuna berreskuratu duen elementua, Bilboko egungo hirigintza-garapenaren ardatz nagusietako bat bilakatuz. Itsasadarra Pablo Ugartetxearen obratik igarotzen da, kale nabigagarri bat bezala, Venezia edo Istanbul bezalako toki oroigarrietan dauden ubide handien antzera.

Hiria modu poetiko eta oso pertsonalean erakusteko egilearen begirada ironikotik abiatuta, ikusgai dauden pinturek argazkigintza, tinta eta olio-pintura batzen dituen teknika mistoa erabiltzen dute munduko beste leku batzuetako oroitzapen eta irudi idealizatuekin nahastuta. Izan ere, erakusketa ez da Abran amaitzen: mundura zabaltzen da Paris, Erroma, Venezia edo New York bezalako lekuetara eramanez. Pablo Ugartetxearen beraren hitzetan, “Bilbao, bere izateari utzi gabe, Bilbósforo, Ria Gauche, Ría Droite, Fontana de TreBil, Carola Hills Intercontinental edo Riviera de Deusto da.”

Erakusketa honek artistaren beste lan batzuen katastrofismoan parentesi bat irudikatzen du, olatu erraldoiek edo lurrikarek hondatutako hirietatik aldenduz, edertasunera eta dotoretasunera zabaltzeko, Picassok berak bere arte garairik ludikoenean II. Mundu Gerraren izugarrikeriaren ondoren, bisortutako “bizitzeko alaitasunaren” ispiritua berreskuratuz.

Pablo Ugartetxeak nazioarte mailan erakutsi ditu bere lanak, Tokion, Los Angelesen, Rio de Janeiron eta Sao Paulon, besteak beste.

Itsasadar Aparta Itsasmuseumeko Carol Iglesias Espazioan, ekainaren 29ra arte egongo da ikusgai eta sarrera librea izango da.

Informazio gehiagorako kontaktua: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)