Itsaso infinitua

Itsasartetik irten zirenean, hegoaldeko itsasoan sartu ziren, eta itsaso hura ezin imajinatu zuten tamainakoa zela konturatu ziren. Itsaso hartan ez zegoenez ekaitzik, Ozeano Barea izena eman zioten. Enperadorearen idazkariak, Juan Sebastianen lekukotasunetik abiatuta, honela azaltzen du ozeano haren handitasuna:
Hiru hilabetez eta hogei egunez nabigatu genuen hegoaldeko Itsaso hartako eremu infinituetan…

Lapurren uhartea

Ozeanoaren beste aldean, eskorbutoaren ondorioz bederatzi gizon hil eta gero, Guam uhartera iritsi ziren. Elikagai freskoak lortu zituzten han. Bertako herritarrek armadaren ondasunez jabetzeko zuten trebetasuna zela-eta, espediziokideen zigor operazio batekin amaitu zen kontua. Uharte haiek utzi zituztenean, Lapurren uhartea izena jarri zieten.
Gehiago jakin nahi baduzu biran zehar topatutako herri indigenetako tatuajeen gaiari buruz, modulu berezi bat eskainiko diegu.

Magallanesen heriotza

Magallanes oso ondo hartu zuten Cebu uhartean, eta, uharte haiek guztiak ondo lotuta utzi nahian, alboko Mactan uhartea erasotzea erabaki zuen. 27. dokumentuan ikusten denez, erabaki horren guztiz kontra zegoen Juan Sebastian.
Zortzi gizon hil ziren Mactanen. Handik egun gutxi batzuetara, Cebuko erregeak zelata bat prestatu zuen espediziokideen kontra. Juan Sebastianek adierazitakoaren arabera, 27 gizon hil zizkioten.

Tatuajea

1- “Ez dute gorputz osoa batera margotzen, atalka baizik. Hortaz, egun asko behar dituzte margotzeko; eta, antzina, margotu behar zuten atal bakoitzeko egitandi eta balentria berriak egin behar zituzten”.
2- “Ondo doitutako erregela eta konpas baten laguntzaz, behatz bateko edo ia biko zabalerako egurrezko listoi moduko batzuk jartzen zituzten, bat goitik behera zuzen, eta bestea sigi-sagan edo angelu zuzeneko muturrekin. Lan horiek guztiak trebetasun handiz marrazten zituzten lehenengo, eta, gero, lerroen zabalera zuten eta orratz muturrez eginak ziren orrazitxo batzuekin zulatzen zieten azala, marraztutako azal guztia kendu arte”.
3- “Balong izeneko brea usaintsu baten keaz egindako hauts beltz batzuk hautseztatzen zizkieten gero. Eta sakrifizio hori egin ondoren, 9 edo 10 egun egoten ziren atera gabe, haizeak ez zitzan hautsak eraman, uzkurtu egiten ziren eta errazago eramaten zituen deabruak”. 4. Emakumeek eskuak baino ez zituzten margotzen. Eskuaren azpialde guztia margotzen zuten, eskumuturreraino, eta baita hatzak ere, baina gainetik baino ez. Loreak eta begiztak ziren ohikoenak, oso ongi eginak, baina Jainkoari eskerrak, hori guztia bukatu da. Cebu. Magallanesen heriotza.

Zelatariaren heriotza

Handik urte batzuetara jakin zen 27 gizon haietatik 8 gutxienez bizirik irten zirela eta esklabo gisa saldu zizkiotela Txinara zihoan junko-ontzi bati. Desagertuen artean zegoen Joan da Silva, Portugalgo erregearentzat lan egiten zuen espioia.
Kontratazio Etxeak Joan da Silvari egindako nominak 28 zenbakia du, eta bertan aditzera ematen denez, bere helburutik oso hurbil egon zen portugaldarra; nomina horretan bertan adierazten da Magallanesek hura hautatu zuela gaztelarrek Cebun zituzten interesen ardurapean gelditzeko, armadak bidaiarekin jarraitzen zuenean.

Borneo

Ez zegoenez hiru ontziak eramateko behar adina jende, erre egin zuten Concepción ontzia, eta erabilgarria zen guztia beste bi ontzien artean banatu zuten, hau da Trinidad eta Victoria ontzien artean. Orduan, Carvalho hautatu zuten kapitain nagusi. Eta Juan Sebastianek maisu lanari zegozkion erantzukizunak hartu zituen berriro ere, 29 zenbakia duen dokumentuan ikusten den bezala. Mafra marinelak Juan Sebastian “zuhurra” zela esaten du.
Zuhur hitzaren definizioa honako hau zen garai hartan: gizon zentzuduna eta adimentsua, badakiena gauzak neurtzen eta bakoitzari dagokion lekua ematen.

Juan Sebastian, itsasgizon ikusnahia

Espinosa eta Juan Sebastian, beste zenbait bidaiderekin batera, Borneo uharteko hiri nagusira joan ziren, erregearekin bakeak egiteko asmoz. Bi elefante izugarri etorri zitzaizkien bila, egurrezko gaztelu ederrak zituztela ipurgainetan. Juan Sebastianen jakin-nahiari esker dakigu nolakoa zen Borneoko herritarren erlijioa. 30. dokumentuan ikusten da.
Juan Sebastian eta gizon talde bat hirian zeuden bitartean, Carvalho hainbat borrokatan nahastuta egon zen, bi ontziekin. Azkenik, ihes egitea lortu zuten, baina hainbat kide uhartean gelditu ziren preso. Haien artean zegoen Domingo de Barruti, Lekeitiokoa. Edonola ere, badakigu handik bi urtera bizirik jarraitzen zuela.

Kapitaina eta gobernadorea

Carvalhoren jokabidea arduragabea izan zen, eta kargutik kendu zuten. Gizonek Espinosa hautatu zuten Trinidad ontziko kapitain, eta Juan Sebastian gelditu zen Victoria ontziaren buru. Trinidad ontziko maisu Juan Bautista Ponceronirekin batera, armadaren helmugak zuzendu zituzten aurrerantzean. Oso hurbil zeuden, beren helmugatik oso hurbil.