Erosketak Bizkaian

Magallanesen itsas armadaren gastuen liburuan agertzen den lehenengo oharra diru bidalketa bati buruzkoa da. Bizkaira egin zen bidalketa hura, Lekeitioko Artieta kapitainari, hain zuzen ere. Urrezko 1.500 dukat bidali zitzaizkion, gaur egungo zazpiehun eta berrogeita hamar mila euro inguru. Erregearen zuzeneko agindu bat zen, zeinaren bitartez adierazten zitzaien kontratazio etxeko ofizialei Bizkaian ontzidirako hornigai hobeak eta prezio hobean aurkituko zituztela.

Hiru itsasontzi bizkaitar

Itsas armada osatzen zuten bost ontzietatik hiru bizkaitarrak ziren: Trinidad, San Antonio eta Victoria ontziak, hain justu. 15. dokumentuan ikus dezakegu Victoria ontzia beste guztiak baino garestiagoa zela, haren edukiera kontuan hartuta. Hipotesietako bat da Victoria besteak baino askoz ere berriagoa izango zela.

Astrolabioa

Astrolabioaren eta koadrantearen eskala graduatua erabiliz, eguzkiak eguerdian zerumugaren gainean zer altuera zuen neurtzen zen. Lortzen zen emaitzari hainbat arau konplexu aplikatzen zitzaizkion, eta horien ondoren jakiten zen zer posizio zuen ontziak ipar-hego ardatzean. Gauez hori bera egiten zen, baina iparrizarrarekin, edo hegoizarrarekin, zer hemisferiotan zeuden kontuan hartuta.
Pilotuek neurri zehatzak lortzeko zuten trebetasuna harrigarria da. 1500. urteko lekukotasun baten arabera, astronomiako aditu batek adierazi zuen, itsasontziaren zabua zela-eta, ezinezkoa zela 4 gradu baino gutxiagoz nahastea, hau da, ia 500 kilometroz baino gutxiagoz.

Iparorratza

Nabigatzeko orratza da nabigazioan erabiltzen diren tresnen artean premiazkoenetako bat, egunez zein gauez, egun argitsuetan zein ilunetan, benetako bidea erakusten baitu ur gainean.
Itsasorratza zen, inolako zalantzarik gabe, nabigatzeko tresnarik garrantzitsuena. Gaur egun magnetita esaten diogun "iman harri" batekin imantzen zen. Beti esan izan da orratz imanduak iparrari begiratzen diola, baina, egiaz, atzetik elkarri lotuta zeuden bi orratzez osatuta zegoen iparrorratza: orratz batek iparrera begiratzen zuen, eta besteak, berriz, hegoaldera. Orain azalduko dugun prozesu honen bitartez lortzen zen hori: iman harriaren parte batekin iparrera begiratuko zuten orratzak imantzen ziren, eta, ondoren, harriaren beste muturrarekin, hegoaldera begiratzen zuten orratzak imantzen ziren.