Ura sartzen. Mirari bat

Upelategiak beteta zituztela, Trinidad eta Victoria ontziak neguko montzoiak baliatu zituzten, haietan ohikoak ziren haizeek Afrikaraino eramango baitzituzten. Baina, irten eta berehala, ura sartzen hasi zen Trinidad ontzian.
Juan Sebastianek ez zuen irteera atzeratu, eta 1521eko abenduaren 21ean, irteteko agindua eman zuen. Victoria ontzia urrundu eta aste batzuetara, Ternate uhartetik mezulari bat irten zen Portugalgo erregearentzako gutun batekin, malaysieraz idatzia. Bertan jakinarazten zitzaion erregeari gaztelarrak iritsi zirela.
Geroago iritsi zen Antonio de Brito portugaldar kapitaina, eta Lisboara idatzi zuen esanaz “mirari” bat izango zela Victoria ontziak Espainiara iristea lortzen bazuen.

Elkanoren plana

Timorreko uhartean, Martín de Ayamonte itsasmutilak eta Bartolome de Saldaña pajeak itsasontzia utzi zuten. Harrapatu zuen kapitain portugesaren aurrean deklaratu zuenean, itsasmutilak adierazi zuen Victoria ontzian ur asko sartzen ari zela eta Juan Sebastianek, ofizialek esaten ziotenari kontra eginez, ez zuela Malakara hurbildu nahi izan, han portugesak baitzeuden.
Martxoaren 18an, ordura arte ezezaguna zen uharte batekin topo egin zuten. Aingura botatzeko modurik ez zutenez izan, aurrera jarraitu zuten. Mende bat igaro zen uharte hura berriro aurkitu eta izena jarri zioten arte: Nieuw Amsterdam uhartea.

Esperantza oneko lurmuturra

Apirilaren 13an 40° hegoaldera iritsi ziren. Klima tropikalean bizitzera ohituta zeudenez, asko sufrituko zuten hotzaren gogortasunarekin. Maiatzaren 8an kostaldera hurbildu ziren, lurmuturra igaroa zutela pentsatuta, baina 800 kilometro gelditzen zitzaizkien oraindik.
Maiatzaren 16an masta bat hautsi zitzaien. Hala eta guztiz ere, handik lau egunera, Lurmutur mitikoa atzean uztea lortu zutela ziurtatu zuten.

Cabo Verde lurmuturra

Eskorbutoak eragindako sarraski geldiezinaren ondorioz, Juan Sebastianek amore eman behar izan zuen, azkenik. Uztailaren 1ean jendea elkartu eta Santiago uhartera joatearen alde bozkatu zuten, Cabo Verden. Victoria ontziak portutik urrun samar bota zuen aingura, eta batelean joan ziren, Méndez eskribaua buru zela. Gezur bat pentsatu zuten portugesak jakin ez zezaten nondik zetozen, eta hasieran oso ondo hartu zituzten. Orduan konturatu ziren egun batez atzeratuta zihoazela, nahiz eta ez zuten azalpenik aurkitzen. Batelaren hirugarren bidaian, portugesek susmo txarra hartu zieten, eta batelean zihoazen hamahiru kideak atxilotu zituzten.

Sanlucar aldera

Juan Sebastian errenditzera behartu zuten, baina hark itsasoratzeko agindua eman zuen. Lortutako elikagai freskoak nahikoa ziren, ontzian gelditu zen jendeak eskorbutoari ihes egiteko.
Korronteek eta haizeak ipar-mendebaldera bultzatzen zituen ezinbestean, eta abuztuaren 20an, azkenik, 42 gradu eta 36 minutu ingurura iritsi ziren, Finisterreren parera ia-ia. Hortik aurrera, haizea aldeko izan zuten bat-batean, eta bi astera, irailaren lauan, San Vicente lurmuturra ikusi zuten begien aurrean. Bizirik iritsi ziren hemezortzi marinelek kostaldea eduki zuten begien aurrean, Sanlúcarrera iritsi ziren arte. Iritsi zirenean, Juan Sebastianek gutun bat idatzi zion enperadoreari, bidaiaren berri ematen.

Kapitainaren gutuna

Jatorrizko gutuna galdu egin zen, baina handik hiru mendera gutunaren hainbat kopia aurkitu ziren. 37. zenbakitik 41. zenbakira bitarteko dokumentuetan ikus daitezke.
Deigarria da ikustea zer talde-ikuspegi zuen kapitainak, bidaiari buruzko narrazio labur hartan; Kopia horietan hainbat aldaera daude, eta bost kopien fusio bat eskaintzen dugu hemen.

Elkanoren gutuna

Maiestate txit prestua: Jakingo du berorren Maiestateak hemezortzi gizon iritsi garela bizirik, berorrek espeziak aurkitzera bidalitako bost ontzietako batean, Fernando de Magallanes kapitainaren aginduetara, goian bego. Berorren gorentasunak topatu ditugun gauza nagusien berri izan dezan, idazten eta esaten dizut, labur-labur:
Lehenik, ekinokzioaren lerrotik 54 gradu hegoaldera iritsi ginen, eta han ehun legoako itsasarte bat topatu genuen, berorren gorentasunaren lurretik Indiako itsasoraino igarotzen zena, eta handik itsasoratu ginen. Hiru hilabete eta 20 egunez, aldeko haizearekin, ez genuen lurrik ikusi, bi uharte txiki baino ez, jenderik gabeak, eta, ondoren, uharte ugariz osatutako uhartedi batera iritsi ginen. Oso aberatsak dira urrean uharte horiek. Fernando de Magallanes galdu genuen, hil egin baitzen, beste askorekin batera, eta jende eskasiagatik ezin genuenez nabigatzen jarraitu, oso gutxi gelditu baikinen, ontzietako bat desegin genuen, eta beste biekin ibili ginen uhartez uharte, harik eta, Jainkoaren laguntzaz, Maluko uhartera iritsi ginen arte, eta hori gertatu zen Fernando de Magallanes hil eta zortzi hilabetera, eta han bete genituen bi ontziak iltzearekin.
Berorren maiestateak jakingo du Maluko uharterako bidean aurkitu genituela kanforra, kanela eta perlak. Maluko uharte horietatik Espainiara itzultzeko gogoz geundela, zulo handi bat aurkitu genuen ontzietako baten kroskoan, eta ez genuen hura hustu beste biderik izan. Eta igaroa zenez ontziak Javara eta Malakara nabigatzeko sasoia, erabaki bat hartu behar izan genuen: edo bertan hiltzen ginen edo ohore guztiarekin berorren maiestateari gure aurkikuntza hura jakinarazten genion. Hortaz, ontzi bakar batekin abiatu ginen, Jainkoak beste inork ez dakien egoeran, zizare barrenariaren ondorioz. Bide horretan uharte ugari aurkitu genituen, oso aberatsak, eta horien artean Bandam uhartea, jengibrea eta intxaur muskatu ugarikoa, Java uhartea, piperbeltza hazten dute han, eta Timor, sandaloa ugari duena. Eta esandako uharte horietan guztietan ugaria da jengibrea. Ekoizpen horien guztien erakusgarriak ekarri ditut, hazten diren uharteetan bertan jasoak, berorren maiestateak ezagutu ditzan; eta baita uharte horietako guztietako errege eta jaunen bakea eta adiskidetasuna ere, beren eskutik izenpetuta, beren errege eta jaun naturala bailitzan zerbitzatu eta obeditu nahi baitzaituzte.
Uharte horiek guztiak konkistaren eta mugaketaren mugan daude, gutun honen bitartez berorren maiestate gorenari adieraziko diegun moduan.
Uharte haietako azkenetik abiatu ginelarik, bost hilabetez arroza baino jan gabe eta ura baino edan gabe, ez genuen lur hartu, Portugalgo erregearen beldur, agindua emana baitu bere mendeko lurralde guztietan ontzidi hau mendean hartzea, berorren maiestateak ez dezan haren berririk izan, eta, horrela, hogeita bi gizon hil ziren gosez. Elikagairik gabe geundenez, Cabo Verdeko uhartean lehorreratu ginen, baina, han, Gobernadoreak batel bat atzeman zidan, hamahiru gizonekin, eta nire gizon guztiekin batera eraman nahi izan ninduen Calicutetik Portugalera itzultzekoa zen eta espeziaz beteta zegoen ontzi batean, esanez Portugalgo erregeak baino ez zuela espeziategia aurkitu; eta helburu horretarako, lau ontzi prestatu zituen, ni harrapatzeko.
Baina erabaki genuen, aho batez, portugesen esku gelditzea baino nahiago genuela hil, eta horrela, lan handiarekin, gau eta egun ematen baikenuen ura ateratzen, eta guztiz ahituta, inoiz inor egon ez den moduan ahituta ere, Jainkoaren eta Andre Mariaren laguntzarekin iritsi gara, hiru urteren ondoren.
Beraz, berorren Maiestateari erregutzen diot Portugalgo Erregearekin adostu dezan horrenbeste denboraz berorren zerbitzura jardun duten hamahiru gizon haien askatasuna. Izan ere, berorren maiestate gorena jabetuko da aintzat hartu behar dugun gauza nagusia dela egindako aurkikuntza eta mundu osoari bira eman izana, mendebaldetik joan eta ekialdetik itzuliz.
Arren eskatzen diot berorren maiestateari, gizon hauek berorren zerbitzura jasandako lan, izerdi, gose eta egarri, hotz eta bero guztiagatik, 150 kintal eta ekarri dugunaren laurdena eta hogeirena eman diezaien. Eta horrekin amaitzen dut, berorren maiestatearen oin eta eskuetan musu eginez.
Victoria ontzian idatzia, Sanlúcarren, 1522ko irailaren 6an.- Juan Sebastián del Cano kapitaina