Prestakizunak

52. zenbakiko dokumentu ezezagun hori da Laurgain Dorrean orain dela gutxi aurkitutako Elkanoren dokumentuetako bat. Hitz bakar batzuk baino ezin dira irakurri, baina horietatik ondorioztatzen da Karlos V.ak Juan Sebastiani agindu ziola , 1523. urtearen amaieran, berarekin Victoria ontzian etorritako guztiak elkartzeko eta gortera eramateko. Horren arrazoia argia zen, itxuraz: Gaztelako eta Portugalgo koroek elkartzea hitzartu zuten, espezien uharteetako aurkikuntzen gaineko eskubideen auziarekin amaitzeko. Victoria ontzian bizirik iritsitakoek lekuko gisa jardun zuten, eta horien artean zeuden Juan de Arratia eta Juan de Zubileta bizkaitarrak.

Badajoz eta Elvas artean

53. dokumentuan gogoratzen da gertaera haren inguruko parafernalia. Bilkura hasi zelarik, Juan Sebastianen txanda iritsi zen. Victoria ontziko kapitaina izanik, Gaztelako interesen aldeko argumentuekin batera, munduko esfera bat erakutsi zuen, eta haren bitartez azaldu zuen Victoria ontziaren bidaia; horrela ahalegindu zen erakusten Gaztelako mugaren barruan zeudela uharte haiek. Hurrengo dokumentuan jasotzen da portugesek Juan Sebastianen kontra emandako erantzun haserrea.

Zubiletaren lekukotasuna

Juan de Zubiletak, 146. dokumentuan, adierazi zuen Barakaldon jaioa zela eta hemezortzi urte zituela. Eskribauak idatzirik utzi zuen Zubiletak bazekiela idazten, baina Juan de Arratiak, hura ere lekuko gisa jardun zuelarik, ez zekiela idazten. Lekuko guztien lekukotasunak berdin-berdinak dira, eta horrek agerian uzten zuen gortean prestatu zituztela haien aitorpenak.

Epaia

Aurreikusitako epearen amaiera iritsi zelarik, gaztelarrek, beren aldetik, Gaztelaren aldeko irizpena eman zuten; portugesek, aldiz, baliogabetzat jo zuten ebazpen hura, alde bakarrekoa zelako.

Arriskuan. Arma baimena

Portugesekin hasitako auzia amaitu baino egun batzuk lehenagoko data du 56. zenbakiko Enperadorearen Errege Zedulak. Horren bitartez arma baimena ematen zion enperadoreak Juan Sebastiani eta beste bi pertsonari, babestu zitezen. Juan Sebastianek eskatua zuen, hilko zuten beldur baitzen. Zedula igorri zen datari erreparatuz gero, guztiz sinesgarria da kapitainak aipatzen duen arrisku hura portugesen mendekuari lotuta egotea.

Imana

Iman harria: harri magikoa
Sancho Gutiérrez zuen izena iman harri haren jabeak; eta hark, aldi berean, aitarengandik hartu zuen harria oinordetzan.
Sanchok bakarka egiten zuen orratzak imantzeko lana, bere etxean, eta epailearen aurrean aitortu zuen lan harekin diru sarrera handiak zituela, gaur egungo 200.000 euroren baliokidea urteko.
Carrera de Indiasko maisu eta pilotuen ustez, ordea, harri hura guztiz aparta zen, harekin imandutako orratzak perfektu gelditzen baitziren nabigatzeko.
Kontratazio Etxeko ofizialen babesarekin, harria kendu zioten eta kontratazio etxean gorde zuten, babesean edukitzeko aitzakiarekin.
Sancho Gutierrezek, ordea, auzitara eraman zituen, eta irabazi egin zuen. Hala, harria berreskuratu zuen. Baina handik urte gutxi batzuetara, norbaitek harria lapurtu zion etxetik.
Galera hura izugarria izan zen nabigazioarentzat, horrenbestekoa ezen Felipe II.ak zedula bat izenpetu zuen Sevillako agintariei eskatuz ahal zuten guztia egin zezaten, harria aurkitzeko helburuarekin. Baina ez dugu albiste gehiagorik lortu Sancho Gutiérrezi eta haren harriari buruz.