Janzkera

Bai Bizkaian bai Gipuzkoan, gizon-emakumeek ohitura zuten apaingarriak eta hainbat osagarri eramateko arropan, erreinuko gainerako lurraldeetan baino ugariago eta luxu handiagoz. Alabaina ohitura hura zentsuratu egin zen errege-erregina katolikoen arau baten bitartez; haren arabera, debekatuta zeuden luxuzko gehiegizko gastuak.
Mutrikuko udalbatzak eskatuta, eta gurasoengandik jasotako ohitura zenez, erreginak onartu zuen gipuzkoarrei betoa kentzea; baina probintziako mugetatik ateratzen zirenean, arauari jarraitu beharko zioten. Handik hiru hilabetera, hori bera onartu zitzaien Bizkaiko Konderriko herritarrei.

Enperadorearen gutuna

Enperadoreak berehala erantzun zuen.
43. dokumentu hau Laurgainen aurkitu berri den dokumentuetako bat da. Dokumentu horretan, Don Karlosek Valladolidera joateko agintzen dio Juan Sebastiani. Jakinarazten dio, gainera, abian jarri direla Juan Sebastianek Cabo Verden atxilotuta zeudenak askatzeko eskatutako gestioak.

Epailearen aurrean

Enperadoreak bere izeba Austriako Margaritari urrian idatzitako gutun batean, nabarmen gelditzen da enperadorea zein pozik zegoen Victoria ontziaren arrakastarekin. Arrakasta gorabehera, Victoria ontziaren kapitaina ez zen epailearen aurrean deklaratzetik libratu.

Portugalen presioa

Enperadoreak audientzian hartu zuen Sylveira enbaxadore portugesa. Haren helburua zen gaztelarrei kalte-galeren ordaina eskatzea, gaztelarrek ez zutelako bete Portugalen mugen barruan ez sartzeko promesa. Portugalgo erregeak zigorra eskatzen zuen arrotzentzat.

Barkatua

Hemen ikusten duzuen 46. dokumentuaren arabera, enperadoreak erresumako justizia kontseilurako dei egin zuen, portugesen presio diplomatikoak bultzatuta, erabaki zezan Juan Sebastian zigortu behar zen ala ez. Elkano ez zigortzea erabaki zuten aho batez Kontseiluko kideek.

Eskaera baztertuak

Edonola ere, kapitainaren egoera ez zegoen konpontzeko bidean. 47. dokumentuan ikusten denez, Juan Sebastianek hainbat eskaera egin zizkion enperadoreari, eta hark denak baztertu zituen.
Beharbada zerikusia izan zuen espedizioaren kronikari Antonio Pigafetta italiarra Valladolideko gortean egon izana azaroan zehar. Pigafettaren nominak egiaztatzen du datu hori.

Saria. 500 dukat

Hurrengo urtean, ordea, gauzak hobetu egin ziren Elkano kapitainarentzat: 1523. urteko urtarrilean, urteko 500 dukateko ordainsaria esleitu zioten, gaur egungo 250.000 euroren baliokidea. Edonola ere, arreta jarri behar da letra txikian: kopuru hura kobratu ahal izateko, egoitza A Coruñan zuen espezien kontratazio-etxe berriak behar beste irabazi eduki behar zuen.

Ordainsaria. Barkamena

Bazen gai bat Juan Sebastian kezkatzen zuena, hain zuzen ere urte batzuk lehenago bere ontzia atzerritarrei saltzearen ondorioz egindako delitua. 49. dokumentuaren bitartez erregeak barkatu egin zion delitu zaharra. Izan ere, erregeak ez zien kapitainaren zerbitzuei uko egin nahi.

Gizon aberatsa?

Victoria ontziko iltzeak 8 milioi marabedi inguru eman zituen guztira, gaur egungo 10 milioi euro inguru. Oso kopuru handia ontzi bakar batentzat, baina espedizioak, oro har, ez zituen irabaziak eman.
Juan Sebastianen 50. zenbakiko nominak egiaztatzen du 600.000 marabedi kobratu zituela, 800.000 euro inguru. Juan Sebastianen bizitza irauli egin zen.

Armarria

Horrez gainera, haren egintza gogoangarria gogora ekartzen zuen armarri bat eramateko pribilegioa eman zitzaion. Bertan ikusten zen munduak esaten ziola: (zu izan zinen ni inguratzen lehena).
Juan Sebastian ez zen izan munduaren inguruko lehenengo bira egiaztatzen zuen ezkutua jaso zuen bakarra. Juan Sebastianen ezkutuaren antzeko beste hiru eman ziren, eta haien artean Fernando de Bustamante bizarginari.

Juan Sebastianek 37 urte inguru zituen garai hartan, estatus ekonomiko ona zuen eta bizitza sozial bizia zuela pentsatzen da. Horrela adierazten dute bere jantzitegiko berrogeita hamar jantziek baino gehiagok: belusezkoak, satinezkoak, zilarreztatuak eta baita kapela frantses bat ere.