Helburua, Magallanes hiltzea?

Brasiletik Río de la Platara abiatu ziren bost ontziak. Hura zen ordu arte esploratutakoaren muga. Ibai erraldoia igaro, eta mundu ezezagun batean barneratu ziren, gaur egun Patagonia ezagutzen dugunera iritsi arte. Baldintza klimatologikoak zirela-eta, San Julian izena jarri zioten portuan negua igarotzea erabaki zuen Magallanesek, gaztelar ofizialen nahiaren kontra. Eta 19. dokumentuan agerian gelditzen da zer tirabira zeuden ontzian.

Matxinada

Oso azkar jazo ziren gertaerak. Hiru ontzi kapitain nagusiaren kontra altxatu ziren; edonola ere, nahiko argi dago matxinadaren helburua ez zela Magallanes hiltzea, iritziz aldaraztea baizik. Baina Magallanes ez zen iritziz aldatzen erraza, eta bat-batean eraso egin zuen: zenbait ofizial leialek Victoria ontzia bereganatu, eta zapuztu egin zuten matxinada.

Matxinada. Zigorra

Kontuak egiteko unea zen. Quesada kapitaina exekutatu zuten, eta txiki-txiki egin zituzten haren gorpua eta Mendoza kapitainarena. Haien hondakinak urkabetik zintzilik usteldu ziren, lehorrean, denek ikusteko moduan. Juan de Cartagena exekutatzera, ordea, ez zen ausartu, erregearen etxekoa baitzen. Baina lehorrean abandonatzea erabaki zuen kapitain nagusiak.
21. dokumentuan dago gertaera haren lekuko izan zen Ginés de Mafra marinelaren lekukotasuna.

Batzuk garaile, besteak galtzaile

Espedizioko hainbat kidek, Diego Martínek, esaterako, jendea sutan jartzeko zereginetan jardun zuten matxinadaren aurretik, eta, horretarako, zurrumurru faltsuak zabaldu zituzten. Horixe da Diego Martín marinelaren kasua. Maisuaren postua izan zuen lan haren saria.

Juan Sebastian eta erraldoiak

Patagoniar esan zieten San Julianen topatutako hainbat herritarri. Juan Sebastianek xehetasun handiz eman zuen haren berri itzuli zenean, eta idatzita utzi zuen enperadorearen idazkariak, 23. Dokumentuan ikusten den bezala.
Orain erakutsiko dizkizuegun argazkiak eta filma Suaren Lurrean egin ziren, orain dela mende bat baino gutxiago, oraindik bizirik zirela Amerika hegoaldeneko herrietako milaka herritar.

Itsasartearen aurkikuntza

Santiago ontzia esploratzera joan zen, eta, Santa Cruz izeneko ibaia aurkitu ondoren, urperatu egin zen. Zorionez, ia denak irten ziren bizirik. Hortaz, beste lau ontzietako espediziokideek bidaiarekin jarraitu behar izan zuten.
Juan Sebastianen lekukotasunaren arabera, 1510. urte hartako azaroaren 27. egunean aurkitu zuten itsasartea.
San Antonio ontzia, gainerakoengandik urrun zegoela baliatuta, bira eman eta Espainiarantz abiatu zen; baina beste hirurek itsasartea gurutzatu zuten, azkenik.