Bermeon. Victoria itsasontzi berria

Badajozeko batzarra amaituta, Juan Sebastian Bermeora aldatu zen, Espezien uharteetarako armada berriaren bigarren gisa. Bermeon, Artieta kapitainak denbora zeraman espedizio hartarako prestakuntza lanetan.
Enperadoreak berak jakinarazi zion Lekeitiokoari, entzun zuenaren arabera, Bermeon 350 upeleko ontzi bat egiten ari zirela ontziolan, oso egur onarekin, eta hura bereganatzeko eskatu zion.
Hala, bahitu egin zuten, azkenik, ontzia. Victoria ontzi ospetsuak baino lau aldiz ahalmen handiagoa zuen, eta izen bera jarri zioten, talisman moduan. 59. Bigarren espedizio hura osatu zuten zazpi ontzietako lau Bizkaian egin ziren.

Arana jauregia

Egur polikromatuko ohol hauek, kasetoi izenekoak, Aranako jauregi barruko apaingarriak dira. Jauregia alderdi zaharrean dago, Belostikale kalean, eta Erribera kalera du fatxada. XVI. mendearen amaieraren eta XVII. mendearen hasieraren artean egin ziren, eremu nobleetako sabaietako kasetoidura osatzeko. Era honetako apaingarria, garai hartako gaztelar arkitekturan oinarritua, oso bitxia da Euskal Herrian. Harrigarria da zenbat osagai dauden itsasoko munduarekin zerikusia dutenak.

Sagardoa eta txakolina

Sagardoa eraman zuten, Asiarako nabigazio batean lehen aldiz. Horrek erakusten du zenbat euskaldunek parte hartu zuten eta non egin zituzten prestakuntza lanak. Horrez gainera idatzita agertzen da ardo txuri sail bat erosi zutela, Txakolina izango zela pentsatzen dugu. Hainbat upel erosi zituen Juan Sebastianek beretzat eta Loaysa kapitan nagusiarentzat.

Juan de Arratia

Juan de Arratiak erabakita zeukan espedizio hartan parte hartuko zuela, baina gaixorik zegoen. 169. oharrean ikusten da Indietako Kontseiluaren ohar bat, non agintzen den armadaren kontura zaindu behar zela Juan de Arratia. Ehun euskaldun inguruk parte hartu zuten guztira armada hartan, eta horien artean zeuden Juan Sebastianen hiru anaia.

Portugaletetik A Coruña aldera

Elkanok errege kontseiluari jakinarazi zion armada prest zegoela Coruñara eramateko. Lehenik, Portugaletera eraman zituen lau ontziak, eta han gizon gehiago ontziratu ziren. Galizian kapitain nagusiarekin García Jofre de Loaysa elkartu zen. Portugesek arretaz jarraitzen zioten ontzidiaren aurrerabideari.

Babesa erregutuz

Irten baino egun batzuk lehenago, ahalorde bat egin zuen, 69 zenbakiarekin, itzultzen ez bazen konfiantzazko beste pertsona batzuek kobratu zitzaten bere ordainsariak. Deigarria da zenbat pertsonarengan zuen konfiantza Juan Sebastianek. Horrez gainera, egunero meza bat agindu zuen bere alde eta lankideen alde, ontzidia itzultzen zen egunera arte, eta eskribau baten aurrean hitz eman zuen 30.000 euroren baliokidea ordainduko zuela haiengatik.

Matxinaden kontra. Isilpean

Gorteko goi karguak kezkatuta zeuden matxinadak gertatzeko arriskuarekin. Kezka hori ofizialen izendapenei dagokion testuan ikusten da, 135. testuan, esaterako. Neurriak hartzeko, Loaysa Kapitain Nagusia hilez gero haren karguan nork jarraituko zuen utzi zuten idatzirik agiri zigilatu batean.

Jakue egunaren bezpera. Irteera

Juan Sebastianek 17 urteko gazte bat eraman zuen morroi gisa. Ordiziakoa zen eta Andrés de Urdaneta zuen izena. Gerora ospetsu bihurtuko zen gazte hura oso erabilgarria izango zaigu espedizio hartan gertatutakoa ezagutzeko.

Txakurra

Espezien uharterako bigarren ontzidi honetan gutxienez txakur bat zihoan, eta oso basatia zen, antza. Lurrera egindako azterketa bidaia batean beraiekin eraman zuten txakurra, eta patagoniarrekin topo egiten zuten bakoitzean, txakurra sutan jartzen zen haien kontra, eta kosta egiten zitzaien eustea.
Hainbat eguneko ibilaldiaren ondoren, ez zuten ezer ehizatzea lortu eta ez zuten ez janaririk ez urik. Txakurrak ere gosea eta egarria pairatu zituen; horrez gainera, lurraren izaera zela eta, izugarrizko zauria egin zitzaion oinetan, eta atzean gelditzen zen denbora guztian.
Batzuek esaten zuten hobe zela jatea, baina Juan de Areizaga apaizak, gizon handi eta ausartak, ez zuen hura hiltzea onartu, eta, ezin zutenez besterik egin, libre utzi zuten azkenik.

Oilo bat eta oilar bat

Santiago de Guevara Kapitainak (Juan Sebastianen koinatua) oilo bat eta oilar bat eramaten zituen, asko estimatzen baitzituen, izan ere, oiloak ez zion inoiz arrautzak erruteari utzi eta arrautza horiekin laguntzen zien gaixoei. Itsasartean, beste kapitain batek, Francisco de Hoces deituak, erosi egin nahi zizkion, eta 25.000 euroren baliokidea eskaini zion, baina Guevara kapitainak ez zuen onartu, ontzidian ez baitzen hegazti gehiago gelditu, eta haiek ziren gaixoentzat balia zitzakeen arrautza bakarrak.