Ongietorria Tidoren

Tidorera iritsi ziren bi ontziak. Espezieen uharteetako bat zen hura, eta bertako errege Almazorrek oso harrera beroa egin zien.
Juan Sebastianek barkamena eskatu zion bere bidaian izandako gertaera gogorrengatik.

Zina

Baina denak ez ziren berri onak; izan ere, ez zegoenez iltze nahikorik, atzeratzen ari zen ontzien zamaketa. Juan Sebastian beldur zen uharteko herritarrek traizio egingo ote zioten, eta erregeari adierazi zion premiazkoa zela aldeko haizeez baliatzea etxera itzultzeko. Almanzor, bere negozioa arriskuan zela ikusirik, saiatu zen egoera baretzen, eta zin zeremonia bat antolatu zuen ontzi nagusian. Kapitainek gurutzearen gainean egin zuten adiskidetasun zina, eta erregeak, berriz, Koran eder eta luxuzko baten gainean.

Paradisuko hegaztia

Txori ikusgarri batek atentzioa eman zion Juan Sebastiani: paradisuko hegaztia zen, animalia sakratua uharteko herritarrentzat. Uste dugu Juan Sebastian izan zela Europan hegazti haren berri eman zuen lehena; hegazti pare bat ere ekarri zituen disekatuta.

Juan Sebastianen begirada

Juan Sebastianek iltzearen eta sagarrondoaren loreak konparatu zituen, sagarrondoarena oso ondo ezagutzen baitzuen Getarian ikusita. Harrituta gelditu zen; izan ere, uhartean espezia ugari bazeuden ere, bertakoak pobrezian bizi ziren. Etxera itzuli zenean, enperadorearen idazkariari esan zion mirespena sentitzen zuela uharte haietako herritarrak nolako bakeaz eta lasaitasunaz bizi ziren ikusita.

Ducatak, maravediak, euroak

XVI. mendean gaur egun bezala ekoizten baziren ere ogia, ardoa eta olioa, beste produktu askoren ekoizpen prozesua ez zen hain eraginkorra, eta neurrigabea iruditzen zaigu haien prezioa gaur egun. Hala gertatzen zen, esaterako, oilaskoarekin, soldata baten baliokidea balio baitzuen. Urrearekin ere antzeko zerbait gertatzen zen, XVI. mendearen hasieran, hain zuzen, gaur egun baino 5 aldiz gehiago balio zuen. Baina are muturrekoagoa zen zilarraren kasua, ezinbestekoa baitzen garai hartan txanponak egiteko. Zilarrak gaur egun baino 35 aldiz balio handiagoa zuen.

Espeziak

Espeziak botata dena zen gozoagoa, eta hobeto egiten zen digestioa. Espezia batzuk erabateko luxua ziren; baina poltsiko guztietarako moduko espeziak ere bazeuden. Piperbeltza erosteko adina ez bazuten, jengibre sustraiaren muturrarekin antzeko ahogozoa lor zitekeen, eta piperbeltza baino askoz ere merkeagoa zen.

Beren printzipio aktiboei esker, oso eraginkorrak dira, eta nahikoa da apur bat haren dohainez gozatzeko; horregatik zeuden denen eskura. Txanpon gutxi batzuen truke, familia batek haur baten eztulerako jarabe bat edo aitonaren ikusmen lausoa sendatzeko likore bat egin zitzakeen. Etxeko emakumeek hortzetako pasta bat prestatzen zuten, ahoko usain txarrak kentzeko, eta denek jaten zituzten janari gozo eta aromatikoak.
Gezurra zen, beraz, espeziak urrea baino garestiagoak zirenik. Hala izan balitz, ezin izango zituzten merkaturatu. Adibidez, Victoria ontziak ekarritako iltzea, haren pisuak urretan zuen balioa baino 300 aldiz merkeago saldu zen.
Hala ere, haren salmenta oso errentagarria zen, landa eremuko produktuak izanik oso merkeak baitziren jatorrian. Era horretara, Espezien Uharteetan iltzea erosteko inbertitutako 1.000 marabedi 100.000 marabedi bihur zitezkeen Europan iltzea saldu eta gero. Edonola ere, bidaiaren gastuak hartu behar ziren kontuan, noski.