PASAJERUA ’26
Lekeitioko itsas memoria berreskuratzeko proiektua
Erriberako arotzeria komunitarioa, testigantzak, argazkiak eta ahozko memoria
Zer da Pasajerua?
Pasajerua ’26, Lekeitioko itsas ondare immateriala berreskuratu, dokumentatu eta transmititzeko. Egitasmoaren arima, komunitatearekin batera eta hutsetik abiatuta, Lekeitiorako oso berezia den ontzi mota eraikitzea da: San Antolin jaietan erabiltzen den Pasajerua. Prozesu partekatu horren inguruan, Mendieta Ontziolari, erriberako arotzeriari eta Lekeitioko itsas bizimoduari lotutako irudiak, testigantzak eta bizipenak ere bilduko dira.
Proiektuak jakintza tradizionalak bildu eta zaindu nahi ditu, hitzak eta esamoldeaj berreskuratu, Lekeitioko ontziolen inguruko oroitzapenak jaso, bizimoduak, esperientzia pertsonalak eta pasadizoak dokumentatu, guztiak baitira herriko memoria kolektiboaren parte. Pasajerua ’26-k ez du iraganera nostalgia hutsetik begiratzen, baizik eta gaur egunetik itsas nortasun bizi, partekatu eta erabilgarri bat aktibatzeko borondatearekin.
Proiektuaren arima: ontzia eraikitzea
Proiektuaren erdigunean eraikiko den ontzia dago: Pasajerua. Lekeition oso ezaguna den ontzi mota da, jai giroarekin, kuadrillekin, itsas tradizioekin eta herri iruditeriarekin estu lotua, izen horrekin ezagutzen baitira San Antolinetako Antzar Egunean erabiltzen diren salbamendu-ontziak.
Hasieran arrantzarako ontziak ziren, baina denborarekin, eta bela eta arraunetik motorrera igarotzearekin batera, salbamendu-ontziek ordezkatu zituzten. Era berean, materialetan ere eboluzionatu zuten: lehenik zurezkoak, gero aluminiozkoak, eta, gaur egun, beira-zuntzezkoak eta poliesterrez egindakoak dira.
Pasajerua ez da, beraz, edozein ontzi; Lekeitioko memoria sozialean eta itsasoarekiko harremanean sakon errotutako ontzia da. Horregatik, herritarren parte-hartzearekin eraikiko da, eta behin amaituta, herriaren erabilera eta gozamenerako izango da, komunitateari lotutako ondare bizi gisa.
Zer esan nahi du, beraz, Pasajerua gaur egun eraikitzeak?
Jakintza eta egiteko modu bat berreskuratzea: erriberako arotzeria
Memoria kolektiboan errotutako ontzi mota baten garrantzia aitortzea
Eta hori guztia modu parte-hartzailean egitea, komunitatearen jabetza bihurtuz, eta herriko tradizioetan txertatuta, modu kolektiboan erabilia eta zaindua izan dadin.
Eraikuntzarako, Bilboko Euskalduna ontziolan 1930eko hamarkadan eraikitako merkataritza-ontzi baten salbamendu-ontziaren jatorrizko planoak hartuko dira oinarritzat.

Proiektuak hainbat lan-ildo biltzen ditu:
- Lekeitioko herriarentzat esanguratsua den ontzi baten eraikuntza parte-hartzailea: Pasajerua
- Ontziolarekin, erriberako arotzeriarekin eta tokiko itsas munduarekin lotutako pertsonen testigantzak jasotzea
- Argazkiak eta dokumentuak bildu eta digitalizatzea
- Memoria emozionala jasotzea: ontziolei eta itsas bizimoduari lotutako oroitzapenak
- Hezkuntza-materialak prestatzea
- Edukiak webgunearen bidez zabaltzea
- Mendieta Ontziola memoria, ikaskuntza eta parte-hartzerako gune gisa aktibatzea
Webgune honek pixkanaka proiektuaren emaitzak eta materialak jasoko ditu.
Itsas ondarea ez delako objektu edo eraikinen bidez bakarrik mantentzen. Pertsonen memorian ere bizi da, hitzetan, lanbideetan, istorioetan eta etxeetan gordetako irudietan.
Pasajeruak kontakizun hori Lekittoko bizilagunekin batera eraiki nahi du.
Horregatik, proiektu honek ez du soilik ontzi bat eraiki nahi:
- entzun,
- jaso,
- dokumentatu,
- partekatu,
- eta herriko itsas memoria aktibatu nahi ditu baita ere.
Ekarpen bakoitzak balioa du: testigantza batek, argazki batek, oroitzapen batek edo parte-hartze zuzenak.
Zu bezalako pertsonen parte-hartzea funtsezkoa da proiektu hau gauzatzeko. Hona hemen parte hartzeko moduak:
Zure esperientzia kontatuz
Ontziolari, ontziei, erriberako arotzeriari, portuari edo itsas bizimoduari lotutako oroitzapenak badituzu, zure testigantza jaso nahi dugu.
Testu bat bidaliz
Haurtzaroko oroitzapen bat, istorio bat, pasadizo bat, gertaera bat edo gogoeta bat bidal dezakezu, zure izenarekin edo modu anonimoan.
Argazkiak edo agiriak partekatuz
Antzinako argazkiak, familiako irudiak, dokumentuak edo ontziolei, portuei edo Lekeitioko Itsas kulturari lotutako materialak bilatzen ari gara. Digitalizatu ondoren, jatorrizkoak jabeei itzuliko zaizkie, kopia digital batekin batera.
Pasajerua ontzia eraikiz
Esperientzia izan ala ez, taldearekin bat egin dezakezu! Ontzi bat hutsetik eraikitzen parte hartu eta erriberako arotzeriaren teknikak bertatik bertara ezagutzeko eta praktikan jartzeko aukera izango duzu giro paregabean.
Jasotako testigantzak webgunean eta beste euskarri batzuetan erabili ahal izango dira, betiere parte-hartzailearen adostasunarekin.
Pertsona bakoitzak erabaki ahal izango du bere ekarpena:
- bere izenarekin argitaratzea
- modu anonimoan argitaratzea
- edo soilik artxibo edo ikerketarako erabiltzea
Proiektuak dokumentatu eta zabaltzea nahi du, baina baita pertsonen borondatea eta memoria partekatzeko modua errespetatzea ere.
Parte hartu nahi dut
Proiektu hau zu bezalako pertsonen ekarpenei esker eraikitzen da.
Inprimaki hau bete dezakezu, gurekin harremanetan emailez edo telefonoz jarri ahal zara, edo Lekeitioko Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan utzitako eskuorriak bete ditzakezu.
Hazten ari den proiektua, hazten ari den webgunea
Webgune hau pixkanaka osatuko da. Hemen aurkituko duzu:

Pasajeruaren eraikuntzaren jarraipena

Mendieta Ontziolari buruzko informazioa

Testigantzak eta ahozko memoria

Irudi historikoak

Dokumentuak eta materialak

Hezkuntza-edukiak

Bisita eta jarduerei buruzko informazioa
Pasajerua ’26 proiektu bizia da, eta webgune honek ere hala izan nahi du.
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK
Itsasmuseumek sustatutako ekimena da, Lekeitioko Udalarekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzak finantzatua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Harremana
Pasajerua ’26 elkarrekin sortutako ekimena da. Edozein kontsulta, zalantza, proposamen edo iradokizun baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.
Idatzi: pasajerua@itsasmuseum.eus
Deitu: 94 608 55 04 / 94 608 55 82


