Ondarroa
Itsasmuseumek, Arte Ederren Bilboko Museoarekin sinatutako Obra Gonbidatua programaren esparruan, Iñaki García Ergüin (Bilbo, 1934) artistaren Ondarroa margolana aurkeztu du, kostaldeko udalerriko portuko etxeen ikuspegi oso adierazgarria eskaintzen duena.

2024an Arte Ederren Bilboko museoari dohaintzan heldu ondoren, Itsasmuseumen ikusgai dago orain lehen aldiz. Obra Gonbidatu gisa hautatua izan da, Bizkaiko itsas portuek —Ondarroa, Bermeo edo Lekeitio, esaterako— historian izan duten garrantzia erakusteko balio duelako. Izan ere, portuek, Bilbotik haratago, lurraldearen nortasunaren eta kostaldeko ekonomiaren funtsezko zutabeak izan dira, eta gaur egun ere badira. Zentzu horretan, artelan honek gure erakusketa iraunkorreko beste pieza desberdinekin mintzatuko da, elkarri indarra emanez. Enklabe horien artean, Ondarroa ezinbesteko erreferentea da euskal pinturaren ikonografian, bai bere itsas tradizio errotuagatik, bai artista askori denboran zehar eskaini dien inspirazioagatik.
Ondarroa (1974)
García Ergüinek, bere pinturaren hastapenetatik, erakutsi du itsasoarekiko lotura eta harreman berezi bat eta argi antzematen da, 1974an Bilbon ospatutako Garcia Ergüin: Arrantza Portuak: Bermeo eta Ondarroa erakusketan.
Izan ere, serie honetakoa da Ondarroa, arrantza-herriko portuko etxeak irudikatzen dituen konposizio zirraragarria. Gizakiaren presentzia hiru txalupa amarraturen eta arropa esekiaren bidez iradokitzen da, eta horiek uretan dituzten islek gama kromatikoa aberasten dute eta konposizioaren adierazkortasuna indartzen dute.
Ondarroa, 1974
Mihise gaineko obra
129,7 x 161,5 cm
Arte Ederren Bilboko Museoa
Roberto Cengotitabengoaren dohaintza, 2024an


Iñaki García Ergüin
1960ko hamarkadan euskal artearen berrikuntzan funtsezkoa izan zen García Ergüin.
Kolorearen erabilera adierazkorra eta teknika, testura eta materialekin etengabe esperimentatzea ditu ezaugarri. Bere ekoizpeneko gaiak paisaietatik hasi, Toledoko eta Bilboko ikuspegietatik bereziki, New Orleanseko jazza, euskal herri kirolak eta, nabarmenki, arrantza portuak dira. Operarako eszenografiak eta enkarguzko horma-pinturak ere baditu, hala nola Athletic Clubarentzat egindakoak edo Bilboko San Bizente eta San Anton elizak.
Sarrerak
Taldean, familian, modu indibidualean... Lortu zure sarrera esperientzia zoragarri batean urperatzeko!

