Merkataritza-portua

Areto hau ihes-gela bat ere bada. Errezelak jasota badaude, esan nahi du ez dagoela saiorik eta aretora pasa zaitezkeela. Horrela bada, sartu barrura eta upeletan eserita hartu atseden. Hiru eszenografia dituzu inguruan: lehenengoak Areatzako Kaia irudikatzen du, bigarrenak San Anton azoka eta hirugarrenak, Bilboko Kontsulatua, beheko solairuan ezagutu duguna.
XVI. mendean, Areatzako kaia Bilboko eta, beraz, Bizkaiko portu-gune garrantzitsuenetako bat izan zen. XVI. mendearen erdialdean, Gaztelako artilearen merkataritzak susperraldi handia izan zuen. Bilbon Flandriara eta Ingalaterrara zihoazen fardel eta zaku handiak kargatzen ziren; eta Ingalaterra, Flandria eta Nantesetik bueltan zetozen oihalak, gazak, mihiseak eta luxuzko oihalak deskargatu, ondoren Gaztela eta Amerikara banatzeko. Era berean, Bilbo Bizkaiko burdinaren portu esportatzaile nagusi bilakatu zen, Europako eta Amerikako merkatuetara garraiatzeko.
San Anton merkatua Bilbotik esportatutako eta inportatutako salgaiak birbanatzeko eta salerosteko plaza izan zen. Bertan tamaina txikiko ontzientzako kaiak zeuden. Ontzi hauetan garraiatzen ziren salgaiak Itsasadarrean, ur-behera, atrakatuta zeuden tamaina handiagoko ontzietaraino. Udala arduratzen zen merkatuaren jarduera arautzeaz eta prezioak, pisuak eta neurriak kontrolatzeaz.
Emakume saltzaileak ziren egunero goizez eta arratsaldez egiten zen azokako protagonistak. Bilbora inportatutako oihalak eta produktuak saltzen zituzten, baita artisau-produktuak ere. Euskara zen erabiltzen zuten hizkuntza nagusia, nahiz eta gaztelaniaz eta frantsesez ere aritu, saltzen eta tratuan aritzen ziren emakume askok ezagutzen zituzten hizkuntzak baitziren.