Istinkariak eta erriberako arotzak

Bizkaiko baliabide naturalek, batez ere burdinak eta zurak, eta haren kokapen geografiko estrategikoak, zurezko ontzigintzarako balio handiko artisau-gune bat sustatu zuten. XIII. mendetik aurrera, Itsasadarraren ertzak ontziolen kokaleku natural bihurtu ziren. Ontziak egiteaz gain, horiek mantentzeaz, tresnak manufakturatzeaz eta kroskoa hornitzeaz ere arduratzen ziren. Lan horiek burutzeko hainbat ofiziotako langileen parte-hartzea ezinbestekoa zen: egurrean adituak, istinkariak, sokagileak, aingura-forjariak, etab.
Hemen, erriberako arotz baten ohiko lan-mahai bat ikus dezakezu. Izen horrekin ezagutzen ziren zurezko itsasontziak eraikitzen zituzten artisau-arotzak.
Hurbildu eta aurkitu erriberako arotzek eta istinkariek erabiltzen zituzten tresnak!
Baina, zertan datza istinkari baten ofizioa?
Istinkarien lana funtsezkoa zen itsasontzietan. Beraiek ziren kroskoa estaltzen zuen egurraren junturetatik ura ez pasatzeaz arduratzen zirenak. Horretarako, oholen junturen artean iztupa sartzen zuten, mazoa eta istinkatzeko burdina izenez ezagutzen den erreminta bat erabiliz, ondoren, iztupa brea edo mundrun beroarekin estaliz, itsasontzia erabat estanko utzi arte. Ontzi orok behar zuen aldizkako prozesu bat zen, eta, gainera, aldaketa gutxi izan duen teknika bat da. Gaur egun ere zurezko ontzietan kroskoaren estankotasuna bermatzeko iztupa eta kotoia erabiltzen dira.

Zorrotzako errege-ontziola

Ontziola gehienak aldi baterako estalpe txikiak ziren, ontzi konkretu bat eraikitzeko eginak. Baina horien artean errege-ontziola bat ere izan zen Itsasadarrean, 1787an marraztutako Zorrotzako errege-ontziolaren planoan ikus dezakezunez. Koroak jarri zuen martxan 1615ean Bizkaiko Jaurerriak hala eskatuta, gerraontziak, galeoiak eta posta-ontziak eraikitzeko. Hainbat harmaila, eraikin eta biltegiz osatutako gunea zen.
1795ean Frantziako armadak Zorrotzako ontziola menpe hartu zuen, eta ontziak eraikitzeko makineria guztiaren jabe egin zen. Instalazioak ia abandonatuta geratu ziren, eta Errege Ontziolen kalifikazioa galdu zuten.

Antonio de Gaztañeta

Utzidazu Antonio de Gaztañeta aurkezten, XVIII. mendeko pertsonaia esanguratsua ontzigintzaren arloan.
Gaztañeta, almirante eta ontzigilea, Mutriku herrian jaio zen, Gipuzkoan. Esperientzia handiko itsasgizona izaki, haren jakin-min zientifiko eta atzerriko ontzien gaineko ezagutzari esker, zenbait hobekuntza proposatu zituen ontzi-arkitekturan, geroago Ingalaterrako eta Herbehereetako ontziolek ere aplikatuko zituztenak. Bera izan zen unitateen formak eskalan egindako planoetan sistematizatu zituen aurrena. Modu horretan, ontziaren formak zehazteko arazoa konponduta geratzen zen eraiki aurretik, eta ezaugarri bereko itsasontziak egitea ahalbidetzen zuen.
Gaztañetak luzeraren aldeko apustua egin zuen diseinuaren oinarri gisa, eta garai hartako Europan ohikoa zenaren gainetik handitu zuen. Gainera, materialen erabilera arrazionalizatu zuen, gainaldeetan gehiegizko pisua saihestuz eta beharrezkoa ez zen lasta kenduz.
Hemen ikus ditzakezu Antonio de Gaztañetaren metodo iraultzailearekin egindako bi maketa erdi. 80 kanoiko itsasontzi bat eraikitzeko balio izan zuten. Mutrikuko Arrietakua Etxeko bildumako jatorrizkoen erreprodukzioak dira.

Itsasontzien modeloak

Modelo honek 1492an Kristobal Kolon Ameriketara lehen aldiz iritsi zen Santa Maria itsasontzia irudikatzen du. Bere ondoan dagoen patatxea gure inguruan burdin-mineralaren eta egurraren kabotaje-trafikoan erabiltzen zen ohiko ontzia da.
Ondoan duzun moduluan ageri diren modeloetan berriz, itsasontzien diseinu, tamaina eta formen bilakaera ikus dezakezu. Busturia XIX. mendeko merkataritza-fragataren modeloa da, ohiko eraikuntza Bilboko Itsasadarreko ontzioletan.

Ontziola-modeloa

Bilboko Itsasadarrean kokatutako ontzioletan XIX. mendean eraikitako egurrezko zamaontzi bakanetakoa da honako hau. Erripa inguruan izan ziren ontziolaren batetik etor daiteke. Garai hartan, inguru horretan bi ontziola garrantzitsu zeuden, bata Santiago Arana Ansotegirena, eta bestea, Manuel Kortabitarterena. Bietan egurrezko hainbat ontzi eta belaontzi uretaratu ziren, burdina, altzairua eta lurrun-makina nagusitu ondoren ontziolak itxi ziren arte.
Mota honetako maketak, ontziola-modeloak bezala ezagunak, itsasontziaren aurretik egiten ziren, eraiki aurretik aztertu ahal izateko, batez ere forma edo proportzioak desberdinak edo berriak zituztenean. Lan horri esker, diseinu-akats posibleak zuzen zitzaketen, eta itsasontzia armadorearen beharretara egokitu. Modelo honetan ikus daitekeenez, askotan, istriborreko alboa forratu gabe eraikitzen ziren, egiturazko eraikuntzaren xehetasunak agerian uzteko, hala nola, gilagaina, zuakerrak edo korasta, besteak beste.