Faluaren aurrean zaude. Bilboko Kontsulatuak bere urrezko aroan erabili ohi zuen falua ontziaren berreraikuntza da. Baina… zer zen Kontsulatua? Zer funtzio betetzen zituen?
Bilboko Kontsulatua 1511n sortu zen, Joana Gaztelakoak, Joana Eroa ezizenez ezagunak, emandako erregina-agindu bidez. Kontsulatuak urte luzez arautu zuen Bilboko portuko merkataritza. Bide- eta portu-azpiegituretako obrak proiektatu eta gauzatzeaz ere arduratu zen; eta baita, nabigazio-ikasketak antolatu eta kapitain eta pilotuak trebatzeaz ere.
Bilboko hiribilduko ekitaldi ofizialetan eta jaietan, faluak protagonismo berezia izaten zuen, agintarien ordezkaritza Itsasadarrean barrena eramanez. Une berezi horietako bat Corpus eguna izaten zen. Egun horretan, urtero, Kontsulatuak itsas prozesio bat antolatzen zuen Itsasadarrean. Prioreak eta kontsulak faluan ontziratuta Portugaleteko Barrara zuzentzen ziren eta bertan harri bat buiarekin botatzen zuten uretara, Bilbok Itsasadarraren gain zuen boterea eta nagusitasuna sinbolikoki adieraziz. Ekitaldi berean, Barrako pilotu berria aukeratzen zen, portura zetozen itsasontzien sarrera zaindu eta gauzatzeko ardura zuena. Portugaleteko hiribilduak bere jurisdikzio-eskubideak defendatzeko Bilboren aurka hasitako auziak gorabehera, bisita horiek XVIII. mendearen amaierara arte mantendu ziren.
1999an, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa Fundazioak falua honen eraikuntza abiatu zuen José Luis González itsas modelogile eta erriberako arotzaren eskutik. Planoak Anton Cortazar itsas proiektugileak marraztu zituen, Francisco Bustrin ustezko egilearen olio batean oinarrituta.
Bilboko Kontsulatua 1829an desagertu bazen ere, faluak XIX. mendearen amaiera arte Bilboko eta Itsasadarreko bizitza publikoan presente egon zen.
Igo ontzira, eseri, eta sentitu garai hartako pertsona garrantzitsu bat bazina bezala, edo gaur egungo kontsul bat.
Kontsulatua sortu aurretik ere, bilbotar merkatariak elkarte moduan antolatuta zeuden, Sancti Spiritus Kofradian, Burgos eta Portugalete lehiakide nagusien aurrean euren merkataritza-interesak defendatzeko. Europako iparraldeko merkataritza-plaza nagusietan ere presentzia izan zuten bilbotarrek; besteak beste, Brujasen (Belgikan). Maketa honek, hain zuzen ere, Brujasen zegoen Bizkaiko Kontratazio Etxea irudikatzen du. 1489an eraiki zuten, eta hiriko merkataritza-barrutiaren erdian zegoen, plaza batean. Plaza horrek, gaur egun ere, “bizkaitarrak” izena du: “Viscayens Plaetse”.
Bilboko Kontsulatuak San Anton Elizaren ondoan izan zuen egoitza, mendeetan zehar herriko erdigune nagusia izan zena osatuz: Plaza Zaharra edo Plaza Nagusia. Bertan garatzen zen hiriko bizitza politikoa, ekonomikoa eta soziala. Salgaien zamalanak eta merkataritza-jarduerak ere burutzen ziren eta hornidura-azoka izateaz gain, herriko jaiak, zezenketak eta bestelako ekitaldi sozialak ere ospatzen ziren Plazan. Eraikina 1895ean eraitsi zuten, Kontsulatua desagertu eta egungo kokalekuan Udalaren egoitza berria eraiki ondoren.
Zoaz orain Bilboko maketaren ondora. Kontsulatua sortu zen garaian hiriak ze itxura zuen imajina dezakezu. Maketa Civitates Orbis Terrarumen iruditik abiatuta egina dago.
Kontsulatuaren armarriaren irudia erakundearen dokumentu garrantzitsuen goiburu gisa agertu ohi zen. Hasieran Bilboko hiribilduaren armarria erabiltzen zen, baina 1669an Kontsulatuaren lehen armarri ofiziala agertu zen. Hemen ageri dena XVII. eta XVIII. mendekoa da. Enblemak belak zabalduta zituen ontzi bat irudikatu ohi zuen. Gai hori une bakoitzean nagusi ziren estilo artistikoetara egokitu zen, eta, pixkanaka, banderak, armak eta nabigazio-elementuak gehitzen joan zitzaizkion.
Armairu hauek Kontsulatuaren Artxiboa osatzen zuten. Bertan gordetzen ziren kontsulatuak sortutako dokumentuak eta paper-sortak. Mendeetan zehar armairu hauetan gordetako historia eta dokumentu-funtsak gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Artxibo Historikoan zainduta daude.
Dokumentuetan agertzen denez, Kontsulatuak 1761ean enkargatu zion armairu multzo hau Joaquín de Echeverria maisu mihiztatzaile bilbotarrari; dekorazioaz Ramón Villalón pintorea eta urreztatzailea arduratu zen. Tiraderak berunezko xaflez estali ziren barrutik, paper-sortak hezetasunetik babesteko. Armairuen barruko ateetan, bertan gordetzen ziren liburu- edo dokumentu-mota irakur daiteke: aberia-liburuak, hornidurak, eskriturak, jurisdikzio-egintzak... Armairuen diseinu bikaina eta dekorazioaren oparotasuna Kontsulatuak Bilbo eta Bizkaian izandako garrantziaren adierazle dira.
Hemen ikusgai dauden bankuak Kontsulatuaren Entzunaldi Aretoko altzarien parte izan ziren. XVIII. mendean eraikiak, ikerketa batzuen arabera, Luis Paret y Alcázar izan zen egilea, 1779 eta 1785. urteen bitartean Bilbon bizi izan zen gorteko margolaria.
Kontsulatuaren beste gune adierazgarrietako bat San Anton Elizan kokatutako kapera izan zen. 1644an, Bilboko Hiribilduak kapera bat eskaini zion Kontsulatuari, Kontsolazioko edo Kontsulatuko Andre Maria izena hartuko zuena. Bertara joaten ziren korporazioan handikiro, ostiralero eta zenbait jaiegunetan erlijio-ekitaldiak burutzera, bai eta nabigatzaileen eta itsasoan galdutakoen alde botozko mezak ospatzera ere. Kontsulatuko karguak hautatzeko garaian, kapera honetan Espiritu Santuaren meza egiten zen.
Pedro Alonso de los Ríos ustezko egilearen Kontsolazioko Ama Birjina tailua 1699koa da, eta, San Antonetik kendu ondoren irudia denbora batez galduta egon bazen ere, 1960ko hamarkadan berriro agertu zen bilduma partikular batean. Bilboko Merkataritza Ganberak erosi zuen eta honek, Bilboko Euskal Museoari utzi zion gordailuan, Itsasmuseumera etorri den arte.
Manuel Losada bilbotarrak 1920. urtearen inguruan margotutako koadro honek Bilboko Kontsulatuko egoitzaren barrualdeko ikuspegia irudikatzen du, etxeko zutabe-korridorearena, hain zuzen ere. Baliteke hau izatea kontsulatuaren barrualdea erakusten duen irudi bakarra.
Estilo neoklasikoko XVIII. mendeko ispilu mota hau Bilbao Mirror izenez ezagutzen da zaharkinen nazioarteko merkatuetan. Dirudienez, Bilbori egiten dio erreferentzia, bertan egiten edo merkaturatzen omen zirelako, eta Bilbora etortzen ziren atzerritarrek erosten omen zituztelako. Zenbait bilduma partikularretan ale batzuk ezagutzen dira, esaterako, Ingalaterra Berrian, eta Estatu Batuetan, tartean baita Minneapolis Institute of Arts delakoan ere.
Ispilu hauen bereizgarria markoaren alde banatan dauden izokin-koloreko marmolezko zutabeak dira, eta goiko apaingarriak, normalean erdian loreontzi batez errematatuak. Ispilu honek, gainera, berezitasun bat du, goialdearen azpiko olio-pintura, alegia.
Kasetoi izenez ezagutzen diren bederatzi piezaz osatutako multzo hau Bilboko Arana Jauregitik dator, Bilboko Kontsulatuaren garaikidea dena. Arana familiaren bizitoki zen etxe hau, XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera bitartean eraiki zuten Bilboko Alde Zaharrean.
Gaztainondo-zurezko oholak dira, tenpera teknikaz polikromatuta eta itsasoarekin eta itsas merkataritzarekin erlazionaturiko gaiak irudikatzen dituzte, esaterako itsasontziak, itsas batailak, ontzi eraikitzaileak, etab. Hemen aurkezten dugun multzo honez gain, Arana Jauregiko kasetoien bilduma osoak, besteak beste, musika, dantza eta ehizarekin lotutako eguneroko bizitzako eszenak biltzen ditu, etxeko familia-leinuaren armarriekin txandakatuz.
Kasetoi hauek jauregiko solairu nagusiko sabaiko kasetoiduraren eta bigarren solairuko ganbera batzuen parte ziren, eta dekorazio-funtzioa zuten.
Ikusgai dauden oholen edo kasetoien artean, aipamen berezia merezi du kontsulatuaren falua irudikatzen duen oholak, kontserbatzen den ontziaren irudirik zaharrenetarikotzat jotzen baita.
Formatu handiko lan hau José María de Ucelay euskal artistak margotu zuen 1962an. Naviera Vizcaínaren enkargua izan zen, urte berean uretaratu zen Bilbao petrolio-ontziko Ofizialen Ganbera apaintzeko. Baina azkenean, ontzi-enpresaren egoitzan amaitu zuen. Bilbao eta Guernica izeneko ontziak, biak Ferrolgo ontzioletan eraikiak, bere garaiko handienak izan ziren, lurrunezko turbinen propultsioarekin. Arte lanaren gai orokorra Bilboko nabigazioaren historia da, eta hainbat eszena irudikatzen ditu, portua, itsas merkataritza, ontziolak eta abar gai hartuta, atzealdean Nerbioi itsasadarra duela.
Kontsulatuak bere ordenantzak idazteko pribilegioa izan zuen. Euren bidez arautzen ziren kontsulatuaren eskumen guztiak: merkataritza, nabigazioa, justizia, karguen hautaketa, etab. Ordenantza horiek, Erregeak onartu ondoren, nahitaezkoak ziren bere jurisdikziopean zeuden guztientzat. Denborak aurrera egin ahala, arau-multzo hauek ere berritzen joan ziren.
1737ko Ordenantza Berriak dira prozesu honen puntu gorena. Ordenantza hauek indarrean egon ziren harik eta 1829ko Espainiako Merkataritza Kodea onartu arte, eta eragin handia izan zuten garaiko merkataritza-zuzenbidean, baita indargabetu ondoren ere. Askotan berrinprimatuak izan ziren eta Latinoamerikako herrialde askok ere bereganatu zituzten XIX. mendean zehar, eta egungo Espainiako Merkataritza Koderako inspirazio-iturri ere izan ziren.
Bilboko nabigazioa eta merkataritza-jarduera antolatzen hiru mende baino gehiago eman ondoren, 1829an desagertu zen Bilboko Kontsulatua.

