Gorbea Mendi lurrun-ontzia Bilboko Euskalduna ontziolan eraiki zuten 1913an, Sota y Aznar ontzi-enpresarentzat.
Gerra Zibilaren hasieran gobernu errepublikanoarekiko leial mantendu zen. Bilbo erori ostean 1937an, Londresko konpainia batek administratu zuen, eta, urtebete geroago, Ipar Irlandan atzitu zuten, harik eta 1939an Bilbora itzuli eta bere armadorea zen Aznar ontzi-enpresaren esku geratu zen arte. Orduan, Monte Moncayo izena jarri zioten.
Urtebete geroago, 1940an, itsaspeko ingeles batek torpedoz eraso zuen Sardiniatik gertu. Minutu gutxian hondoratu zen, erasoan tripulazioko lau lagun zenduz.
Igotz Mendi ere Sota y Aznar ontzi-enpresarena izan zen, eta kontatzea merezi duen istorio bitxia du.
1917. urtean, Igotz Mendi ontzia Indiarantz zihoala, eskuadra ingelesarentzako ikatz kargamentu batekin, Wolf gurutzaontzi alemaniarrak harrapatu zuen. Zortzi hilabeteko odisea luzea hasi zen eskifaiarentzat. Ontzi-inude izatera behartu zuten Bilbotar ontzia, harik eta Danimarkako kostaldean hondartu eta alemanek abandonatuta utzi zituzten arte. Zorionez, daniar ontzi batek erreskatatu, eta, hainbat hilabetez luzatu ziren konponketen ostean, Igotz Mendi Bilbora itzuli ahal izan zen.
Iritsi baino egun batzuk lehenago, elizkizun bat egin zen Begoñako basilikan, desagertutzat edo hiltzat jo zituzten ontziko eskifaiako lagunen omenez.
2012an eraikitako petrolio-ontzi hau Aznar ontzi-enpresaren oinordekoa den Ibaizabal Tankers ontzidiarena da. “Suezmax” motako ontzi bat da, Suezko kanala zeharkatzeko neurriak doituta dituelako. Abangoardiako diseinuagatik eta teknologia- eta ingurumen-eraginkortasunagatik bereizten da.

