Daniel Zuloagaren lanik garrantzitsuenetako baten aurrean zaude. Tamaina handiko zeramikazko murala da, 1900ean diseinatua, Bilboko Indautxu auzoan eraikitako aurrenengo etxeetako baten atarirako. Etxea Tomás Allende Alonso enpresari eta politikari bilbotarrarena zen.
Daniel Zuloaga garaiko zeramikari ezaguna izan zen, eskultore eta marrazkilaria izateaz gain. Joera artistiko argiak zituen familia batean jaio zen. Ignacio Zuloaga margolariaren osaba, harreman estua zuen berarekin, eta kulturarekiko eta artearekiko zuten grina partekatzen zuten. Daniel Zuloagak nazioartean oihartzun handia izan zuen, eta dekorazio ugari egin zituen hainbat eraikinetan, besteak beste, Euskal Herrian, Madrilen eta Segovian.
Gaur egun lau bakarrik kontserbatzen diren arren, artelanak zortzi eszena nagusi zituen. Kontserbatu direnak Bilboko Itsasadarreko meatze-jarduerari eta portu- eta industria-jarduerari buruzkoak dira. Irudietan aire zabaleko meatze-ustiategiak, mineral zamalekuak, portua, itsasontziak, emakume zamaketariak, sardina-saltzaileak, eta Bizkaiko Labe Garaietako ikuspegi bat ere bereizten dira. Horiek egiteko, Zuloagak garai hartako argazkiak eta postalak erabili zituen.
Daniel Zuloagaren lanean emakumeak oso paper garrantzitsua du, eta, aurrean dugun piezan gertatzen den bezala, askotan irudi femeninoak balio handiko, baina, nolabait, garai hartan ikusezin bihurtu eta gutxietsitako zereginak edo lanak egiten irudikatzen ditu. Beste lan askoren artean, emakumeak minerala bereizteaz, garbitzeaz eta garraiatzeaz arduratzen ziren.
Tomás de Allenderen etxebizitza 1960ko hamarkadan eraitsi zutenean, orduko jabeak erabaki zuen obraren zati bat Lezamako bere etxebizitza berrira eramatea, eta bertan egon zen harik eta dohaintza pribatu bati esker museora iritsi zen arte, eta orain, jatorrizko lekutik, Indautxu auzotik ez oso urrun ikus daiteke.

