Aipatu dugu XIX. mendearen azken herenean Itsasadarraren inguruak eraldaketa-prozesu bati ekin ziola, industria-gune modernorako bidean. Meatzaritza eta ontzi-konpainien gorakadak ontzien eskaria sustatu zuen; hala, ontzigintza modernoaren garapena bultzatu eta ontziola berriak sortu ziren. Ez dezagun ahaztu, gainera, aldi horretan belatik lurrunerako jauzia eman zela, eta burdinak, lehenik, eta altzairuak, gero, zura ordezkatu zutela ontzien eraikuntzan.
Merkataritza-ontziteria modernizatu beharra zegoenez, euskal ontzi-enpresek, hasieran, atzerrian erosi zituzten ontziak, horietako asko enpresa armadore britainiarrek erabilitakoak, baina laster ontziola berriak jaio ziren. Bilboko Itsasadarraren ertzak ontzigintzarako hedapen-gune bihurtu ziren, bai ekoizpen-gaitasunagatik bai instalazioen modernitateagatik. Eta pixkanaka ontzigintza industria Bizkaiko ekonomiaren zutabeetako bat bilakatu zen.
Modelo hau Infanta Maria Teresa gurutzaontzi korazatuari dagokio, 1898an Ameriketako Estatu Batuen aurkako gerran Espainiako armadaren ikur izana.
1888an Estatuak bere flota modernizatu nahi izan zuen, eta hiru gurutzaontzi korazatu fabrikatzea esleitu zion Astilleros del Nervión ontziolari. Gurutzaontzi horiek, “Vizcaya” klasea bezala ezagutzen direnak, Infanta María Teresa, Vizcaya eta Almirante Oquendo izan ziren. Mugarri bat dira Bilboko Itsasadarreko ontzigintzaren historian, Bizkaian altzairuz eraikitako lehen ontziak baitira.
Hirurak berdinak ziren. Paxa blindatu eta babes-estalki batez forratuta zeuden, bai esplorazio-lanetarako zein borrokarako prestatuta.
Bere uretaratzea, 1890eko abuztuaren 30ean, sona handiko gertaera soziala izan zen, milaka lagun gerturatu baitziren. Ekitaldiaren amabitxia María Cristina erregina izan zen, eta harekin batera Bizkaiko goi-klase politiko eta sozialeko pertsonak izan ziren.
Ameriketako Estatu Batuen aurkako gerran, 1898ko uztailaren 3an, Santiago de Cubako itsas-borrokan, iparrameriketako eskuadrak Espainiako sei unitateak suntsitu zituen; horien artean ziren Infanta María Teresa, Vizcaya eta Almirante Oquendo ontziak. 300 hildako baino gehiago izan ziren.
Astilleros del Nervión, hiru korazatuak eraikin zituen ontziola, 1888an sortu zen Estatuaren babespean. Bere historia laburra izan zen. Finantzaketa-arazoak, lanak amaitzeko atzerapenak eta bi bazkideren arteko desadostasunak eta demanda zibilik ezak, ordainka-etendura eragin zuten 1892an. Gobernuak ontziola konfiskatu eta denbora gutxi batez martxan egon ondoren, 1896an itxi zuten.
Ontzi hau Itsasadarreko ontziolen beste mugarri bat izan zen. Garai hartako aurrerapen teknologiko guztiekin hornituta, ordura arte Euskal Herrian eraikitako ontzirik handiena izan zen. 1917an eraiki zuten Sota y Aznar ontzi-enpresarentzat, eta merkantzia-ontzi gisa eta ontzi-enpresaren etorkizuneko tripulazioak prestatzeko eskola-ontzi gisa erabili zuten.
1917ko ekainaren 9an burutu zen uretaratze ekitaldia sekulako ikuskizuna izan zen, 30.000 lagun baino gehiago bildu baitzituen. Garaiko kronikek diotenez, langile talde batek ontziolako presidentea, Ramón de la Sota y Llano, bizkarrean hartuta ibili zuten; izan ere, goizean bertan, bost pezetako oparia eta soldaten % 15eko igoera iragarri zuen plantillako kideentzat.
Artagan Mendik 1 zenbakidun harmaila estreinatu zuen, kai lehorreko uretaratzeei amaiera emanez. Etapa berri baten hasiera izan zen Bilboko Itsasadarreko ontziola adierazgarrienetako batentzat: Euskalduna Ontziolarentzat.
Euskalduna Konpainia 1900ean eratu zen, Ramón de la Sota eta Eduardo Aznarren ekimenez. Horretarako, 1868an sortutako Olabeagako Dike Lehorrak erosi zituzten. 90.000 m2-ko azalera izatera eta 4.000 pertsona baino gehiagori lana ematera iritsi zen ontziola. Bere historian zehar, hazkunde- eta garapen-etapa desberdinen lekuko izan zen, baina baita krisi-aldiena ere.
1984an Euskaldunaren itxieraren iragarpenak mobilizazio sozial handiak eta liskar bortitzak eragin zituen langileen eta haien senideen eta segurtasun indarren artean. Istilu hauetan Pablo González Larrazabal langilea zendu zen eta ehundik gora zauritu izan ziren. Ontziolaren behin betiko itxiera 1988an iritsi zen.
Bilbao Knutsen punta-puntako teknologia duen gas-ontzia da, eta bi futbol-zelai t’erdi baino gehiagoko luzera eta bederatzi solairuko eraikin baten antzeko altuera du.
2002ko irailean uretaratu zuten Sestaoko IZAR ontziolan, La Naval izenez ezagunagoan. Gas likidotua, LNG, batez ere metanoa garraiatzeko ontzia da. Krosko bikoitzeko lau tanga ditu, barrutik isolamendu termikoarekin, bakoitzak gas natural likidotuaren 138.000 m3-ko edukierarekin. Oktogono forma dute egonkortasun handiagoa izateko, eta gasa egoera likidoan garraiatzen dute, -163º Celsius-eko tenperaturapean, bolumena nabarmen murrizteko.
Norvegiako Knutsen Konpainiarentzat La Navalen eraiki zen horrelako bigarren ontzia izan zen.
Sociedad Española de Construcción Naval 1908an sortu zen Madrilen, Espainiako Armadarentzako gerraontziak eraikitzeko. Aurrerago, 1916an, Sozietateak ontziola berri bat inauguratu zuen Sestaon, baina orduko hartan merkantzia-ontzien eskaera handiari erantzuteko. Bere historian zehar, Sestaoko La Naval faktoriak hainbat aldaketa eta birmoldaketa izan ditu. 1969an Euskaldunarekin eta Astilleros de Cádizekin bat egin zuen, AESA sortuz. Geroago, Bazan Enpresa Nazionalarekin bat egin zuen IZAR sortzeko. 2006an, Naval del Norte partzuergoak erosi zuen, eta goi-mailako teknologiako ontzien eraikuntzan espezializatu zen, batez ere gas-ontzietan. Zoritxarrez, 2019an Sestaoko ontziolak behin betiko utzi zion bere jarduerari.
Itsasadarreko beste ontziola handietako bat Tomás Ruiz de Velasco ontziola izan zen. Erandion sortu zuen 1941ean Tomás Ruiz de Velascok. Ontziola itsasontzi bereziak eraikitzen espezializatu zen, teknikoki oso aurreratuak, besteak beste, butano-itsasontziak, zementu-ontziak edo kimika-itsasontziak. Ontziolak 500 langiletik gora izan zituen, azpikontratatutako enpresak kontuan hartu gabe, eta 131 ontzi eraiki zituen, horietako batzuk bakarrak Estatuan.
Ontziolaren beste elementu bereizgarri bat albokako edo zeharkako uretaratzeak izan ziren. Begira irudiari, 1976an José Luis Colásen uretaratzearen unea da. Kloroa itsaso zabalean garraiatu zuen munduko lehen ontzia izan zen. 1957an horrelako uretaratzeak egiten hasi zirenetik, ontziolak nabarmen handitu zuen eraikitzen zituen ontzien pisua, ordura arteko 2.000tik 5.500 tonara handituz itsasontzien pisu hila.
Hurbildu zaitez pantailara, bertan ontziolaren historian zehar ibilbide bisual labur bat duzu ikusgai.
Bilboko Itsasadarreko ontzioletan mota guztietako ontziak eraiki dira, hainbat tamaina eta ezaugarrirekin. Hona hemen itsasontzi mota desberdinak eta une historiko edo garai ezberdinak irudikatzen dituzten modelo batzuk.
Lehenik eta behin, hor ditugu 350 bidaiarirentzako edukiera duen Presidente Stroessner ferrya eta Navipesa dos, Estatuko lehen roll-on roll-off ontzietako bat. Biak Tomás Ruiz de Velasco ontziolan eraiki ziren.
Ondoren, 1982an La Navalen eraikitako Ana María de Pando kimika-ontzia, Luisa María de Pando bikiarekin batera, bere garaiko Espainiako merkantzia-ontzidiko handiena izan zena.
Emperador ere badugu, Barakaldoko Kadagua ontziolan Kubako Gobernuarentzat eraikitako izozkailu-atunontzia; eta Virgen del Rocío xurgatzeko draga, La Navalen 1966an eraikia.
Euskalduna Ontziolan eraiki zituzten Santa Fe serieko Aegis Ionic, Acebal I arrantza-ontzia eta Monte Umbe itsasontziak. Azken hori, 1959an eraikia, karga orokorra eta fruta garraiatzeko ontzi mistoa izan zen, eta, gainera, 580 pertsona har zitzakeen bidaiari-ontzia ere izan zen.
Azkenik, Cuauhtemoc eskola-ontzia dugu. 1981ean Erandioko Celaya ontziolan eraiki zuten, Mexikoko Armadarentzat. Celayan eraikitako laugarren eta azken eskola-ontzia izan zen, eta, gaur egun ere, jardunean darrai. Eskola-ontzi horietako lehena Gloria izan zen, Kolonbiako Armadaren enkarguz eraikia. Ondoren, Ekuadorko Armadarako Guayas eta Venezuelako Armadarako Simon Bolivar etorri ziren.
Itsasontzi baten kroskoaren sekzioaren bi irudikapenen aurrean gaude, bata errematxaketaren teknikaz eta bestea soldaduraz eginak.
Denbora luzez, errematxaketa-sistema izan zen altzairuzko kroskoa zuten ontziak eraikitzeko erabili zen sistema bakarra. Xafla batzuk beste batzuei gainjartzean datza, errematxeen bidez elkartuz. Lotura-sistema konplexua zen, eta beraz, eskulan espezializatua eskatzen zuen.
Alde batetik, tinkatzailea zegoen. Honek errematxeak mailu batekin kolpatzen zituen bi xaflak lotuta geratu arte. Eta bestetik, itsasontziaren barruan sufritzailea deiturikoa zegoen, kolpea pairatu eta errematxeari eusten ziona. Kolpe horiek zarata burrunbatsua egiten zuten, eta langileei entzumen-arazoak eragiten zizkien. Hasieran, sistema eskuzkoa izan zen, eragingailu pneumatikoko edo lurrunezko mailuek ordezkatu zuten arte.
Xaflak elkartzeko errematxe eta gainjartzeen ondorioz, itsasontziaren egiturak pisua areagotzen zuen eta lortutako azalera irregularra izaten zen; horrek abiadura galtzea eta erregai-kontsumoa handitzea eragiten zuen.
30eko hamarkadan Alemaniako ontziolak soldaduraren teknika erabiltzen hasi ziren, fusio bidezko loturan zetzana, errematxatze-sistemari gailenduz. Teknika berri horrek abantaila handiak zituen: askoz isilagoa zen, azkarragoa, merkeagoa, eta loturak askoz ere arinagoak ziren.
Gaur egun, altxatze-sistemak hobetzeari esker, itsasontziak sekzio estankoetan eraikitzen dira, ondoren mihiztatzeko, eraikuntza-prozesua muntaketa-sistema bihurtuz. Horrela, ontziak seguruagoak dira, pisu gutxiago dute eta azken kostua ere txikiagoa da.

